Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Zer landuko dugu aurtengo Plaza Hutsa Tailerrean? Ikusi hemen

Plaza hutsa | 2020-01-24

Otsailaren 22an izango da 2020ko Plaza Hutsa tailerra, ezkerreko independentismoaren espazio irekia den urteroko zita, herrigintzaz gogoeta egin eta antzematen ditugun erronken inguruan aritzeko. Gasteizko Europa jauregian izango da aurtengo edizioa. 09:30etan irekiko da izen-ematea. 10:00etan hasi eta 14:00etan bukatuko da tailerra.

Lau gai jarriko ditugu aurten plazan: hezkuntza, euskalgintza, ekologismoa eta tokiko herrigintza. Talde ariketetan murgildu aurretik, mahainguru batekin emango diogu hasiera tailerrari. Feminismo intersekzionalak herrigintzarako ematen dizkigun baliabideak aztertuko ditugu lau hizlariren laguntzaz: Lorea Agirre, Nora Salbotx, Iratxe Delgado eta Naia Torrealdai.

Ondoren, talde-ariketetan murgilduko gara. Hezkuntzaren kasuan iaz hasitako gogoeta prozesuari amaiera emango diogu. Hezkuntzaren panorama aztertu, euskal publikotasunaz gogoetatu eta aurrera begirako estrategiez jardungo dugu. Urtebeteko gogoeta kolektibo baten emaitza den dokumentua baliatuko dugu horretarako.

Euskalgintzari eskeinitako talde ariketan iazko tailerrean hasitako gogoeta prozesuaren bigarren fase bat zabalduko dugu. Urte beteko ariketa baten emaitza aurkezten dugu osatu den dokumentuan. Dokumentu honek udazkenean bukatuko den gogoeta prozesu publiko baten abiaburua izan nahi du.

Ekologismoari lotutako ariketa beste molde batekoa izango da. Galdera nagusi bat jarriko dugu mahai gainean: nola erantzun krisi ekologikoaren garai historiko honi Euskal Herritik eta herri-mugimendutik? Mugimendu ezberdinetan dabiltzan independentista aktibistekin partekatu nahiko genuke gogoeta hau: Zertan den gaur mugimendu ekologista eta zein moldeko antolakuntza ereduak eskatzen dituen garai honek. Iratzar Fundazioak eta Ipar Hegoa Fundazioak ekoitzitako dokumentu bat eta Erria aldizkariaren azken alean Mikel Oterok idatzitako artikulua erabiliko ditugu material gisa.

http://iparhegoa.eus/images/argitalpenak/larrialdiklimatikoa.pdf

http://erria.eus/erreportajeak/krisi-ekologikoa-oholtza-politikoaren-erdigunean

 

Tokiko herrigintzaren inguruko ariketa, berriz, hiru urteko prozesu baten emaitza da: 2017ko otsailean Durangon egindako herrigintza tailerra, urte berean UEUrekin elkarlanean antolatutako udako ikastaroa (Herrigintza aro berri baterako begiradak), iazko Plaza Hutsa tailerrean egindako ariketa eta iazko apirilean Transform sareak Euskal Herriko beste eragile batzurekin elkarlanean antolatutako “Bizitzak eta lurraldeak” jardunaldiak. Sorkuntza kolektibo honen emaitza aztertuko dugu “Bizitzak eta lurraldeak ehuntzeko herrigintza” dokumentua eskuartean (irakurri hemen klik eginda).