esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Herri-imajinarioa birsortzen

herri imaginarioa | 2018-12-14

Aldaketa sakonak bizi ditugu euskal gizartean. Hiru aldagai nagusik azpimarra merezi dute: 1/ Globalizazio kapitalistak eragindako gizarte joerak (indibidualismoa, kontsumismoa, hedonismoa, kultur globalizazioa…). 2/ Ziklo aldaketa Euskal Herrian: edozein ikuspegi abertzaletik begiratuta ere krisi garaian gaude; esan nahi baita, aldaketa edo trantsizio garaian. Abertzaletasunak eraiki duen herri-imajinarioaren lausotze bat antzematen da, belaunaldi gazteenengan batez ere. Herri-imajinario hau izan da azken hamarraldi luzeetako herri-eraikuntzaren motorra. 3/ Aniztasun kulturala: datozen urteetan kultur eta jatorri ezberdinetako jende andana etorriko da Euskal Herrira bertan bizi eta lan egiteko asmoz. Erronka izugarria da: aniztasun kultural hau kudeatzeko eredu demokratiko eta inklusibo bat eraikitzea.

Euskal Herria bilduko duen ezein proiektu politikok (kasuan Euskal Errepublikak) ezinbestekoa du oinarri-oinarrian euskal komunitatearekiko pertenentzia sentimendu indartsu bat, euskal proiektuari plano arrazionalean atxikitzeaz gain plano emozionalean ere trinkotuko den komunitate bat osatzea. 

Euskalduntzean aurrera

euskara | 2018-12-14

Euskalduntze prozesuaren fase oso batek sabaia jo du. Asko aurreratu da, asko egin da. Baina, orain, oso momentu berezian aurkitzen gara: euskararen erabilerak azken hamarraldietan ezagutu duen goranzko joera eten egin da, eta beheranzko joera horrek hala segiko du hizkuntza politiketan eta euskararen aldeko langintza soziopolitikoan jauzi bat eman ezean. Belaunaldi honek hartzen dituen hizkuntz-jarreren eta datozen urteetan herri gisa egiteko gai garenaren araberakoa izango da euskararen etorkizuna.

Aktibazio handia antzematen da euskalgintzan, bai gogoetari dagokionez eta bai ekintzailetzari dagokionez. Euskarak herri-bulkada berri bat behar du eta ezkerreko independentismoak ere gogoeta estrategikoa berritzeko garaia du, ezkerreko independentismoaren arnasa, ekarpena, ere ezinbestekoa izango baita datozen urteetan. Hori dela eta, urtarrilaren 12an gogoeta-prozesu ireki bati ekingo diogu.

Elkargune eta abiapuntu bat

hezkuntza | 2018-12-14

Ezarri zaizkigun hezkuntza sistemak agortu egin dira, eta agorpen hori letra larritan nabarmendu beharra dagoela deritzogu. Segregazio sozialaren gaiak zentralitatea hartu du Erkidego Autonomoan hezkuntzari buruzko eztabaida sozialean, baina hutsuneak/arazoak ugariak eta sakonak dira, sistema oso batenak. Estatuen inboluzio demokratikoak hezkuntza jopuntuan jarri du gainera.

Gaur hezkuntzan bizi ditugun egoera konkretuak erdigunean jarriz eta ikuspegi nazionalari eutsiz, etorkizuneko hezkuntza sistema publiko eta burujaberako herri-estrategia adosteko premia du herri honek. Zentzu horretan, ezkerreko independentismoak bere gogoeta estrategikoa berritzeko garaia du. Konpromiso berriak hartzeko garaia dela deritzogu eta ausardiaz jokatzekoa.

Urtarrilaren 12an maiatzean bukatuko den prozesu bati ekingo diogu. Gogoeta prozesu publikoa izango da, ezkerreko independentismoaren ikuspegi estrategikoa berriztea helburu duena.

Bizitzak eta lurraldeak

esku-hartze komunitarioa | 2018-12-14

Zentzu zabalean herrigintza dei dezakegun horretan Euskal Herriak duen potentziala handia da; handia da baita ere behetik gorako eraikuntza honek estatugintzan duen irismena: tokiko komunitatean ardazten den eraldaketa soziala; lurraldeari atxikitako eraikuntza materiala; udalgintzaren, gizarte zibil antolatuaren eta ekonomia eredu eraldatzaileen arteko sinergiak eta uztarketak.

Iratzar fundazioaren eskutik, beste eragile batzuekin elkarlanean, Europako ezkerreko fundazioen Transformsarearen jardunaldiak Euskal Herrian izango dira 2019an (apirilaren 9-11). Bizitzak eta lurraldeakizenburupean tokiko garapena, ekonomia sozial eraldatzailea eta udalgintzaren arteko gurutzaketak aztertuko dira. Urtarrilaren 12an apirileko jardunaldiak bitarte luzatuko den prozesu bati emango diogu hasiera. 

Nola ulertzen dugu komunitatean egiten den esku-hartze eraldatzailea? Zein leku du udalgintzak? Zertarako saretu udalak? Zein motako inteligentzia estrategiko beharko genuke? Zer nolako militantzia eredua? Hauek eta beste galdera batzuk erantzuten saiatuko gara modu kolektiboan.