Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Demokraziarentzat ezagutzen dudan definiziorik argiena Ziro Handiak egin zuen, pertsiarren inperio kolosaleko erregeak, greziarrak gutxiesteko esandako esaldi honetan:

“Ez diet nik beldurrik txotxolo horiei, hiriaren erdian plaza bat hutsik utzi eta espazio huts horretan elkarri gezurrak kontatzen dizkioten horiei.”

Horrelakoa beharko luke politikaren plazak: pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean. Badakizue gero historian ez dela horrelakorik ia sekula izan.

JOSEBA SARRIONANDIA, Lapur banden etika ala politika

Ezkerrekoak eta abertzaleak gara ekimen honen sustatzaileak, antzeko kezka, ilusio, neke eta esperantzekin gabiltzanak. Herrigintza aro oparo bati ekarpena egin dion komunitate baten kide sentitzen garenak aldez edo moldez. Mundua zabortegi erraldoi bat den garaiotan justiziarekin eta askatasunarekin amets egiten jarraitzen dugunak; eta nork beretik, modu askotara, amets horren alde borrokatzen dugunak.

Plaza hutsa ekimen ireki bat da. Euskal Herriak arnasaldi berri bat behar duela uste duen edozeinena, herri gisa pentsatu eta bizitzeko urgentzia partekatzen dugunona. Begirada asko nahasi nahi dituena, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin nahi diona. Plaza hutsa gogoetarako eta ekintzailetzarako espazio parte-hartzailea da, nora eramango gaituen ez dakigun bide bat, elkar hartzeko aitzakia bat gehiago.

Nire bulegoa plaza bat da. Euria egiten duenean busti egiten naiz eta eguzkia ateratzean epeldu. Nire bulegoak ez dauka paretarik, ezta teilaturik ere –esan zigun erreminez poeta burusoilak aholku eske deitu genionean. Kasu egin diogu. Plaza bat sortu dugu, euria egiten duenean denok busti gaitezen eta eguzkia ateratzean denok epeldu gaitezen.