esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Bilbo metropolitanoaren kartografia sindikala

metropolia | 2019-07-16

Mikel Alvarez "Betelu", LABeko kidea

“Kapitalismoaren logika geografikoa”. Horrela du izena David Harveyen azkeneko saiakerak. Harvey bidelagun izan dugu hiriaren eta klase ikuspegiaren arteko uztarketa bilatzen ari garenok. Geografia hitza ezinbestekoa da Bilbo Metropolitanoko klase gatazkaren bilakaera historikoa ulertzeko, baina, espazio fisikoaz gain, beste aldagai batzuk sartzeko beharra ere badaukagu garai hauetan: kartografia adibidez. Kartografia, hain zuzen ere, mapa geografikoak egiteari deritzon praktika da. Zientzia, estetika eta teknika konbinatzen dituen praktika da, geografiaren nozioak ikusgarri egiten dituena eta jendarteari zabaltzeko gai dena. Kontrabotereko sindikalismoaren papera, eta bereziki LABena, Bilbo Metropolitanoan horretara doa: klase borrokaren erroa jaso eta zientziaren zehaztasun politikoaren, gatazkaren estetika eraikitzailearen eta antolakuntza eraginkorraren teknika aplikatuz, langileriarentzat tresna bat izatea.

Hauteskunde ziklo baten amaieran egindako balorazio guztiek arrisku bera daukate: 4 urtez behin hautetsontzi batean botatzen diren paper batzuk soilik hartzea herritarren borondatearen neurgailu bezala. Afera ez da kartografia horretatik ihes egitea, mapa horrek erpin asko dituela ulertzea eta argazkia osatzea baizik. Demokrazia liberalaren paradigmaz haratago ere, badaude langileon (herritarron gehiengoa) ordezkaritzarako bestelako neurgailuak. Eragile sozialetako partaidetza aktiboa, sindikatuen afiliazio eta ordezkaritza maila, jendartearen mobilizazio maila… Azken neurgailu hauetatik kartografiatzen badugu gure mapa eta hauteskunde politikoetatik eraikitakoarekin konparatzen badugu, disoziazio itzela dagoela ikusi dugu:

  • Mugimendu sozialaren errealitatea bizia. Eragile sozial klasikoek indar sinboliko handia duten arren, mugimendu sozial berritzaileen loraldi batean gaudela esan daiteke. Bizitza (klase zapalduak) eta lurraldeak (metropoliaren adierazpen ezberdinak) oinarri hartuta, proposamen berritzaileak ari dira ateratzen errealitate berriei aurre egiteko. Klasikoaren eta berritzailearen arteko uztarketan eta elkarrekintza horretan egongo da klabeetako bat. Adibidez, nork esango luke pentsionisten eta mugimendu feministaren arteko elkarrekintza konstantea egongo zela bai maila diskurtsiboan eta praxia egituratzeko orduan? Edota auzo elkarte klasikoak eta turistifikazioaren ondorioz alokairu izugarri altuak ordaintzera kondenatuta dauden gazteak aliantzan jardungo zirela? Irakasgai asko dago horrelako esperientzietatik ateratzeko.

  • Sindikalismoaren argazkiak tendentzia argi bat erakusten du, azkeneko hauteskunde sindikalak horren adibide garbia direlarik. Kontrabotere sindikalismoa goraka doan bitartean, kontzertazio sozialera bideratuta dagoen sindikalismoa gainbeheran dago Bilbo Metropolitanoan. Tendentzia hori are handiagoa da etorkizunean (eta hein handi batean, gaur egun ere) hirian nagusiak izango diren sektore estrategikoetan. Hor ditugu, besteak beste, hirugarren sektoreko eremu guztiak, instituzio publikoek subkontratatutako enpresak, sektore feminizatuak… Bilbo metropolitanoan alternatiba politikorik eraiki nahi bada, ezinbestekoa da indar korrelazio hau kontuan hartzea eta aktibo politiko bezala ulertzea. Enpleguaren eremutik eta eremu sozialetik haratago, kontrabotere sindikalismoa estrategikoa da, politika gatazka materialaren joko zelai bezala ulertzen bada behintzat. Sindikatuek (ez bakarrik) ordezkatzen duten langile mugimendu berri(tu)rik gabe ez dago alternatiba politikorik.

  • Azken urte hauetan Bilbo Metropolitanoko jendartearen mobilizazio maila ere ezin daiteke ahaztu. Ahoa bete zaigu urte hauetan egon diren mobilizazio jendetsuekin, baina horrek fetitxea gainditzen du. Bada mahai gainean jarri beharreko elementu bat. Hiria da agenda politiko mobilizatzailea markatzen duena eta kasu honetan Bilbo aitzindaria eta erreferentzia izan da. Batez ere mugimendu feministak eta pentsio duinen aldeko mugimenduak izan dira abangoardia. Biek uztartu dituzte, borroka gehienek bezala, dimentsio materiala eta sinbolikoa. Biek ala biek gainditu dituzte antolakuntzarako forma agentzialak. Biek jarri dute bizitza duinaren dimentsioa agenda politikoaren erdian.

Eta honen inguruan, kontrabotere sindikalismoak eta bereziki LABek ze ekarpen dauka egiteko Bilbo Metropolitanoan eraiki beharreko alternatiba soziopolitikoan? Hemen hainbat pista:

  • “Politika” eta “politikoaren” mugaren zabalpena. Parte hartze politikoa maila asimetrikoan handitzen ari da. Bilbo Metropolitanoko auzo langileen parte hartze politikoa, maila orokorrean ulertuta, ez soilik hauteskunde parte hartze bezala ulertuta, erdigunekoa baino askoz apalagoa da. Kontrabotere sindikalismoa da politizaziorako tresna eraginkorrena, izan ere, sindikatua da eskala politikoaren katebegirik primarioena; sindikalismoak ahalmena dauka egunerokotasunean ematen diren gatazka partikularrak esparru soziopolitikoaren logika kolektiboan kokatzeko. Enplegutik hasi eta auzoetako egoera prekarioekin jarraituz, guzti horietan oinarrizko interbentzioa du eta bertatik eraikitzen da bizitza VS kapitalaren arteko dikotomia. Hori da, hain zuzen ere, politikaren eta politikoa denaren muga zabaltzea; beste hitz batzuetan esanda, gatazka eta kontraesan eraikitzaileak sortzea joko zelai politikoa handitzeko.

  • Paradigma publiko-pribatuaren kontrako praxia. Gure sistema politikoan instituzioek pisu handia daukate, bai pisu politikoa eta baita ere pisu ekonomikoa. Pisu ekonomiko horretan, sektore publikoaren eta sektore pribatuaren arteko “kolaborazioa” handitu da, instituzioez dependiente diren eta enpresa pribatuetan jarduten diren langileen kopuru izugarri handia delarik. Honek izen bat du: subkontratazio bortitza eta prekarizazio deliberatua. Hor interbentzio sindikal indartsu eta estrategiko bat ezinbestekoa da, izan ere, hor dago Bilbo Metropolitanoan agintzen duen erregimenaren sustengu garrantzitsuenetako bat. Dirulaguntza selektiboak, korrupzio sistematikoa, kontratazioen pastela, obra publikoen atzean dauden interes ekonomikoak, sektore femenizatuetatik eta zaintza lanetatik ateratzen diren etekinak… “Paradigma publiko-pribatu” honen atzean ezkutatzen da indar korporatiboa bere gordintasunean. Honek, hain zuzen ere, erregimen hori modu argian identifikatzea (PNV-PSE) eta pedagogia politikoa egitea eskatzen du. Gainera, soilik horrela eraikiko dugu herri honek behar duen sektore publiko indartsua.

  • Hiriaren sektore produktibo berriak aurreikusi eta klasikoekin uztartu. Bilbo Metropolitanoko langile sektore asko udaberri honetan borrokan altxatu dira. Konfliktibitatea izugarri handitu da azken kurtso sindikal honetan eta ezaugarri klasikoak eta berriak biltzen dituen olatua osatu da. Hor daude, aurreko atalean esan bezala, subkontratazioetako borroka guztiak, zaintza lanei lotutako borrokak, metaleko borroka, irakaskuntzak ematen ari diren borrokak, osasungintzan egindako lan sindikal guztia… Baina ez hori bakarrik, sindikatuez haratago baina LAB bezalakoen babesarekin, langileon antolakuntzarako esperientziak gorpuzten joan dira, aipatzeko delarik Eraginen papera, riderren inguruan dauden mugimenduak, etxeko langileen elkarteak edo langile migranteetan ematen ari diren esperientziak. Gainera, hiriaren errealitate produktibo berriari ere erantzuten diote, esaterako, sektore digital berriei, turistifikazioari edota nazioarteko makrojaialdiek eragiten duten prekarietate berriei. Langile subjektuaren berrartikulazioa ez da soilik hausnarketa marko batean egiten; langile subjektuaren berrartikulazioa praxian egiten da, hau da, antolakuntzaren eta borrokaren norabidean. Ezinbesteko iparrorratza etorkizunean eta epe motzean, izan ere, udazkena oso beroa izango da langile borrokari dagokionez. Metaleko borroka ez delako iraganeko borroka eta plataforma digitalen bidez lan egiten dutena etorkizuneko borroka; biak orainaldiko borrokak dira.

  • Bizitza (klase zapalduak) eta lurraldeak (metropoliaren adierazpen ezberdinak) oinarri hartuta, alternatiba soziala eraiki. Bizitzaren prekarizazioak, enplegutik hasita baina haratago joanda, lurraldearen segregazioarekin lotura zuzena du. Auzoen egoera, etxebizitzaren afera, diru sarreren afera… dena dago elkarloturik. Hemen ere kontrabotere sindikalismoak, eragile sozialekin elkarlan konstantean, Bilbo Metropolitanoarentzat agenda integral eta potente bat berreskuratu behar du. Euskal Herriko Karta Soziala bezala esperientziak oso interesgarriak izan dira bide horretan eta aldagai berriak barnebildu beharko dituzte, esaterako migrante langileen afera edota eskubide sozial berrien inguruko hausnarketak (digitalak, adibidez). Eta hor kokatzen da, era berean, LABek Programa Sozioekonomikoa berritzeko osatu duen prozesua, langileon proposamen estrategikoak bildu nahi dituen programa izan nahi duena alegia.

Sindikatuen berrikuntza ikertzen zuen lan akademiko baten arabera, sindikatuen berrikuntzarako gaitasuna lau adierazleren baitan aztertu daiteke. Antolakuntza berritzeko gaitasuna, ekintza kolektiboa garatzeko tresnak eraikitzeko gaitasuna, kanpo aliantzak saretzeko gaitasuna eta errelato bat artikulatzeko gaitasuna. Lau esparru horietan aurrerapauso nabarmenak ematen ari da LAB eta gehiengo sindikal guztia. Kapital sozial eta humano hori Bilbo Metropolitanoan garatu beharreko prozesu politiko-sozial-sindikalaren perspektiban jartzea da egokitzen zaiguna. Kontrabotere sindikalismoa beti egingo da klase zapalduen aldeko borroka eraikitzailea sustatzea eta hori logika dialektiko eraikitzaile batean ulertu behar da, balizko artikulazio politiko zabalagoei egin diezaiokeen palanka lana bezala.

Eta hau guztia zergatik? Ez dagoelako demokrazia integralik eta modu askean erabakitzeko baldintzarik demokrazia materialik gabe. Ez dagoelako prozesu soberanistarik langile mugimendu artikulatu eta indartsurik gabe. Ez dagoelako Bilbo Metropolitanoa eraldatzeko gaitasunik klase sindikatuek jokatzen duten paper determinantea ulertu gabe. Mapa osatzeko kartografiaren ezinbesteko elementuak.

Munizipalismoari begirada, zailtasun eta aukerak Ezkerraldea – Meatzaldean

metropolia | 2019-07-04

 

Duela 4 urteko emaitzak hobetu ditu EHBILDUk udal hauteskundeetan Ezkerraldea eta Meatzaldeko ia herri guztietan. Horrela ordezkari bat gehiago du orain Santurtzi, Sestao zein Ortuellan eta bozkaz hazi da Portugalete, Muskiz, Abanto eta Trapagaranen.

Gora goazen arren gure eskualdeek dituzten aukera eta zailtasunek hainbat galdera ekartzen dizkigute burura:

Aberasgarri izango delakoan, gehien ezagutzen dudana Trapagarango errealitatea denez, berton garatu dugun praktikatik saiatuko naiz gure gogoeta, ideia eta kezkak konpartitzen.

Duela hamar urte baino gehiago hasi zen aldaketa gure herrian 

2011tik poliki poliki baina gelditu gabe emaitzak hobetuz dabil EHBILDU gure herrian. Horrela azken udal hauteskundeetan bozken %21 gainditu du EHBILDUk Trapagaranen, Bizkaiko bataz bestekoaren gainetik, Meatzaldea – Ezkerraldeko % onena ateraz. Emaitza honekin udal hauteskundeak bere lehia esparru indartsuena dela berretsi du EHBILDUk Trapagaranen, Batzar Nagusietarako baino 200 bozka gehiago ateraz udal hauteskundeetan.

Hobekuntza hau ordea, ez da ezerezetik hasi, duela hamarkada herrian hasi genuen barne eraldaketa baten ondorio izan da.

2008an, ilegalizazio garai betean, Trapagarango ezker abertzaleak belaunaldi desberdinetako kideekin barne gogoeta bat egin zuen eta bere jardunean sakoneko aldaketak planteatu zituen.

-Kanpaina nazionalen zurrunbilotik atera eta problematika lokaletan zentratzea erabaki zuen. Herri proiektu munizipal sendo bat izatea lehenetsi eta pentsatuz genuen herriko arazoetatik errezagoa zela jendearengana hurbildu, elkarlanak bilatu eta gure proiektuaren inguruan indarrak metatzea.

-Herriko txoko guztietan murgitzeko hautua egin zuen, urrunago zeuden auzoetara joan, lagunak topatu eta lan talde lokalak antolatu ziren. Tokian tokiko arazoak landuz herriko errealitatea hobeto ulertu eta bertoko beharrei hobeto erantzuten ikasi zuen Ezker Abertzaleak.

-Gure herri proiektua ikuspegi sozialetik jantzi eta garatzea erabaki zen. Bertoko soziologia ezagutuz gure ideien zabaltzea bide horretatik irits zitekeela pentsatuz, PSOEri espazioa lehiatu eta herrian zentraturiko euskal ezker sendo batek Trapagaranen zabaltzeko aukera handiak zituela uste zen.

Hortik aurrera 2011an EHBILDU sortu zen eta EAtik zetozen pertsona zein jende independiente berriekin herrian eragiteko estilo ireki eta berri bat garatu genuen.

-Alderdi kuotak gaindituz hasieratik talde bakar bezala funtzionatu dugu. Modu zabalean bere intereseko gaien arabera lan egin nahi zuen jendeari ateak ireki dizkiogu, ez dugu inor inon afiliatzera behartu eta EHBILDUn parte hartzeko modu desberdinetako malgutasuna sortu dugu.

-Maiztasunez auzo asanblada irekiak egin ditugu, horrela bazterreko auzoetako jendearen arazo zein proposamenak entzun, ezagutu eta udalean borrokatu ditugu.

-Irekitasuna izan da gure filosofia, edozein pertsona eta talderi irekiak gaude, gaiak entzun, lagundu eta udaletxean elkarrekin bide egiteko prest egon gara.

-Herriko mugimendu, dinamika eta elkarteekin harreman estua mantendu eta herriko ekimen ia guztietan parte hartu dugu.

-Udalean proposamen landuak aurkeztu ditugu, aurrekontuetan, hirigintzan, hezkuntzan, lan ezbeharretan, partehartzean... Teknikoki kontrastatuak, eduki sozialez beteak eta guztiz gauzagarriak. Batzuk gainera gauzatzea lortu dugu.

-Auzolan ekintzak egin ditugu udalean blokeatuak izan diren proposamen batzuetan; arazoa ikusarazi, konfrontazioa piztu eta aldarrikatzen genuen eskakizuna lortzeko. Horrela lortu dugu Ugarte auzoan autobus markesina jartzea, Durañona errepidea asfaltatzea eta Arboleda inguruan autoentzako 30km orduko muga ezartzea.

-Gure iritzi eta pentsamendua herrira iristeko komunikazio euskarri propioak sortu ditugu, sare sozialez gain maiztasunez etxe guztietara iristen aldizkariak, kartel eta baliabide desberdinak. Hauek guztiak idatzi, prestatu eta zabaltzeko kolaboratzaile sareak sortu ditugu.

Praktika honen bidez azken 8 urteotan asko findu, hobetu eta zehaztu dugu gure herri proiektua. Orain ikuspegi sozial batekin herriko esparru eta behar gehienei erantzuteko herri proiektu sendoa daukagu.

Gainera EHBILDUn gabiltzan pertsona taldea alderdien kanpoko jende independientez zabaldu eta indartzen ari da. Planteatzen dugun herri proiektuaren inguruko atxikimendutik lotuz EHBILDUren proiektu orokorrari.

Beraz inoizko emaitzik onenak lortu ditugu eta errotuago, hedatuago eta indartuago gaude, baina egindako bideak ere bere mugak baditu.

Erreferentzia kulturalak mugatzen gaitu eta ez gara gobernu alternatiba sinesgarria

Poliki poliki aurrera goaz baina lan itzela egiten da eta lortzen emaitzen gorakada kuantitatiboa motela da. EHBILDUk bere praktika lokalaz, harreman pertsonalez, herriko militanteen lan eta denboraz eta poliki poliki lortzen duen hobekuntza; ezer egin gabe eta koiuntura orokorraren ondoriozko marketinaz lortzen dute besteek.

Oraindik jende askorentzat EHBILDU ez da gobernu alternatiba bat bezala ikusten gure eskualdean. Oposizio eta proposamen onak baina praktikan ezarri ezin dituen aukera bezala ikusten da. Eta PSOE edo PNV ikusten dira bata bestearen alternantzia natural bezala.

Beste jende multzo bat Estatuko erreferentzialitate informatibo, afektibo edo mentalean bizi da. Horiei zaila zaigu gure mezua irisaraztea eta batzutan gure lana sinpatiaz ikusten duten arren, zaila da guri bozkatzeko urratsa ematea. Hemendik aurrera beraz nola muga hauek hautsi eta jarraitu aurrera?

1-Inoiz baino herri programa sendoagoa dugu, landua eta sozialki edukiz betea. Gure helburua programa hau praktikan jarri eta gure herriko eraldaketa martxan jartzea da. Euskal Herria anitza da eta ez dugu epe laburrean gehiengo absolutua lortzeko biderik ikusten. Horregatik gure herriaren aniztasuna onartuz jokatu beharko dugu, gure planteamentuak martxan jar ditzakeen gehiengo berriak osatzeko. Gure programa soziala konparti dezaketen beste ezkerreko sektoreekin elkarlana landu, konfiantzak eta aukera berriak sortu nahi ditugu.

2- Gure eskualdeko gizartearengandik hurbilago egongo den abertzaletasun berri bat behar dugu, etorkizuneko bizi ereduan oinarrituko dena eta ez erabakitzeko eskubidean edo identitatean.

Gure eskualdean borroka antifrankistak lotu zuen 60-70.hamarkadan iritsi zen etorkin belaunaldia euskal mugimendura ekartzea, rock erradikalak egin zuen berea 80-90.hamarkadan. Egoera horretan euskaltzaletasuna, sistemariekiko jarrera oldarkorra, presoen sustengua eta borroka antirrepresiboa izan dira laburrean belaunaldi hauen esparru nagusiak.

Orain berriz denbora gutxian aldatu da gure gizartea, globalizazioak, komunikazio berriek, bidaiatzeko erraztasunak eta gure gizartearen aniztasunak beste kontestu bat eraiki dute. 30-40 urtetik beherako jendearentzat lausoagoak dira euskal identitate kontzeptuak, lurraldeen artean muga fisiko gutxiago izan arren mentalki banatuago gaude eta lotuago munduko beste tokietako musika, egoera, kultur erreferentzia eta abarrekin. Estatuen eragin erreferentziala izugarria da ere gure baitan.

Erabakitzeko eskubidean oinarritutako estrategia abertzaleari berriz ez diogu epe laburrean egoera gainditu eta bide egiteko aukerarik ikusten. Horregatik pentsatzen dugu Euskal Herriko jendearen etorkizunerako bizi eredu duin batean oinarritutako abertzaletasunak izan daitekela gerora pertsona eta egoera berriak prestatzeko mintegi eta izan dezakeela gure mugimendua aberasteko ahalmena.

3- Azkenik gobernu alternatibarako aukera sinesgarria izateko jendartea eraldatzeko esparru berriak behar ditugu udalean baino kalean, pentsamentu eta errealitate berriak eraikiko dituena. Feminismoan, sexualitatean, heziketan, ekonomian, gizarte zerbitzuetan, aniztasunean, kulturan eta abarrean teknikoki inoiz baino formatuago dauden gazte belaunaldiak ditugu gure herrian. Formakuntza handi horrek ordea ez du beren egunerokoan praktika eraldatzailerako esparrurik. Horregatik proposamen landuak egin, garatu eta gauzatzeko maila lokalean zentratutako lan esparruak sortu eta hortarako konpromezu eredu malguak eskeini behar ditugu. Gure muga mentalak gaindituz eta jendea zainduz, bakoitzaren gogo, ahal eta interes zein aniztasunetik gure herri proiektua indartu eta jendartean eragiteko.

Ilusioa badugu eta aukerak ikusten ditugu, hau da beraz Trapagarandik etorkizunera, udalgintza-herrigintza esparrutik jorratu nahi dugun bidea.

 

Kimets Arana Butroe (Trapagarango  militantea)

 

 

Nerbioi ertzetatik, aro berriari ateak irekiz

metropolia | 2019-06-13

Hizkuntza batek mundua begiratzeko era bat ematen digu, pentsamendu bat, sentipen bat eta nor garen adierazteko modu bat. XXI mendeko Bilbo Metropolitanoak behar duen eraldaketa askoren ahotan dagoen garaiotan, hizkuntza eskubideen alorrean ere erreflexio amankomunak egiteko beharra dugu.

Munduko hizkuntza gutxitu gehienek baino babes handiagoa izateak ez du esan nahi euskarak gehiago behar ez duenik. Are gehiago, euskararen estatusa ere birmoldatu eta euskal hiztuna ahalduntze prozesu batera eramateko plana egin beharko dugu.

Nondik gatoz?

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) gizarteko alor gehienetan aurrera pausu nabarmenak lortu zituen (justizian, osasungintzan, etab.). Gerora onartuak izan diren hainbat neurri asko mugimendu herritarren borroketatik bultzatu ziren. Euskara elkarteen lana benetako baldintzatzailea izan zen euskara auzi politikoa dela erakustarazi eta hizkuntza eskubideak eskuratzeko.

Jazarpena bizi izan duten ekimenak (Korrika, Ikastolen aldeko jaiak…) gizarte osoaren kontsentsua dute gaur, baita babes instituzionala ere. Urte batzuk atzera ezinezkotzat joko genituzkeen eremuetara zabaldu da, instituzioek herritarren borondateari men egin dioten unetik aurrera. Argi geratu dadila guk, herriak, behartuta egin zutela men instituzioek, herria delako beti baldintzatzeko ahalmena duena. Beraz, antolakuntza eta praktika politikoak esperientzia batzuk utzi dizkigu. Elkarlanerako orube bat sortu behar dugula, modu berean eragina izango duena. Baina, erakunde publikoekin elkarlana bultzatzeak ez du zertan menpekotasuna adierazi behar, herritarron borondate hori bideratzen asmatzea izango da gakoetariko bat.

Non gaude?

Eman dituen baino mila aldiz emaitza hobeak emango zituzkeen Euskara Batuaren arautze sistemak euskararen estatus sozial eta politikoa hobea izan balitz, hau da, Jaurlaritzak euskara eguneroko bizitza sozialean normalizatzeko politika soziolinguistikoak egin eta Udalei politika horrek betearazteko planak egin izan balitu. Orain kezka zabaldu da, herri eragileei arrazoia emanez, zoritxarrez.-

Bazen hipotesi oso zabaldu bat: “euskararen ezagutzak gora egin ahala, gora egingo zuela erabilerak ere”. Egon ziren baina, hipotesi hori egia izan ez zitekeela aurreikusi zutenak ere (Txepetx, Txillardegi…), hau da, euskara ikasteak ez zekarrela berarekin besterik gabe euskara erabiltzea. Ikusitakoak ikusita, bigarren hauek zutela arrazoia esan daiteke; oso berandu jabetu gara arazo soziolinguistiko horretaz. Eta oso berandu ohartu gara modu berean, Jaurlaritzaren hizkuntza politika ez dela euskara normalizatzeko gai. Izan ere, hizkuntza minorizatu bat ikasteak ezin baitu hizkuntza horren normalizazio sozialik bermatu, hizkuntzaren aldeko politika integral eta nazionala egin ezean.

Euskalduntasun berri baterantz...

Ia edozein hiztunok, etxeko inguruetatik haratago, badugu oinarrizkoa den hizkuntza-jabetze esparru bat, askorentzat hizkuntza horrekiko lotura bakarra dena: hezkuntza. Hezkuntza sistema oinarrizko elementu estrategikoa da hizkuntza baten normalizazio sozialerako. Baina zer gertatu da D ereduak espero genuena ez emateko? Izan ere, askoren ustea zen D ereduari esker Euskal Herria berriz ere euskaren herria izango zela. Joxe Manuel Odriozolak (Altzo, 1948) ondo azaltzen duen bezala, kontua da ez gaudela ohartuta eskolaren euskalduntzeak ezin duela gizartearen gainerako esparru sozial esanguratsuetan espainieraz zein frantsesez funtzionatzen duen herri bat euskaldundu. Sortu dugun euskalduntasunak ez baitu erabileraren normalizaziorik ekarri.

Nola behartu euskaraz ikastera, kulturaren bitartez ez badute hartzaileek lotura emozionalik egiten hizkuntzarekin? Nerabeengan ikusten da kontrako efektua sortzen ari garela, eta Euskara bera ikasgairik gorrotatuena bihurtzen dela institutuetan. Nagusiagoek, motxila ondorengoei jartzen jarraitzen dute ardura osoa umeengan utziz, etorri berriei integraziorako euskara ikasteko beharra ezartzen diegu, ekosistema osoa erdalduna egiten jarraitzen dugunean.

Nazio euskaldun bat sortzeak euskal nazioaren gune estrategikoak euskalduntzea eskatzen du, eta euskararen aldeko politika autonomikoa ez da politika nazionala izan; euskal komunitatea erdal komunitate nazionalaren menpean dago. Beraz, Txillardegiren mezua ulertu gabe dugula esan genezake, hau da, euskararen aldeko politika nazio eraikuntza euskaldunaren aldeko estrategia zabalago baten baitan txertatu ezean, ez dugula zer eginik. Eta oraindik ere euskararen auzia borroka politikoaren baitan planteatu behar ez dela defendatzen duen euskaldunik ere badago. Kontuan izan hizkuntza zapalduetako hiztunok , euskal hiztunok, garela hizkuntza auzi ez-politiko bezala kokatzen dugunak eta kokatu nahi dugunak. Euskarak guztizko politizazio bat behar du inoiz despolitiza dadin. Alderdi politikoen jokalekutik atera eta behar duen estatus politikoa eraiki behar dugu.

Kontuan izan behar dugu sinestarazi digutela hizkuntza baten erabilera hiztunen borondatearen esku dagoela eta erabilera harreman-ohiturei zuzenduta dagoela bakarrik. Ez, erabilera botere kontua da ere bai, eta batez ere. Noski, norbanakoaren boterea behar dugu, norberak bere burua ahalduntzea besteen laguntzarekin; horri begira irakaskuntza polita abiarazi digu Euskaraldiak, beste hainbat esperientzia tarteko, modu praktiko batean. Bestalde, botere nazionalik gabeko hizkuntzak nekez egin dezakeela aurrera ere erakutsi digu. Erabilera sozial normalizaturik ez duten hizkuntzek (munduan hainbat kasu dira), guztiek dute ezaugarri bat komunean: ez dute estatu burujabe baten proiektua.

Euskaraldia, beraz, azken 50 urteetan egin den kanpaina erraldoienetarikoa da, beharrezkoa oso, baina laguntza nagusi bat behar duena. Gure alde, euskararen alde dauden erakunde sozial eta politikoak behar ditugu gauzak aldatzeko. Gure herriko estruktura soziolinguistikoak aldatu behar ditugu, eta beste borroka ildo handi eta nagusi batekin gertatzen den bezala, norbaitek galdu beharko ditu pribilegioak azpitik dagoenaren egoera duintzeko. Iraultza honetan, beraz, norbanakotik urrun diren eta boterea duten estamentuen lan kontziente eta gogotsua beharrezkoa da, ezinbestean.

Nola egingo dugu aurrera?

Metropoliak eskeleto berritua du, baina eskeleto horri gorputza emango dioten pertsona guztien eskubidez bete behar dugu. Urte asko daramatzagu eskeletoan zentratuta “ze polita dagoen Bilbo!” entzun eta hotzikarak izateraino. Hirigune hotza, indibidualagoa eta pertsonak kontutan izan ez dituena da gurea.

Ikusi besterik ez dago eskeleto horren kudeaketa. Kulturaren ekonomizazioa sustatzen dute eta dena makroa eta nazioartera begirakoa izateak, herria josten dabiltzanak zokoratzen ditu ezinbestez. Elite baten irabazi ekonomikoek zuzenki herritarren eskubideen murrizketa bat dakar, baita hizkuntza eskubideei dagokionez.

Historian inoiz baino hizkuntza gehiago hitz egiten dira Bilbon Handian. Gaztelania da gailendu dena baina hizkuntza aniztasun handiko hirietan bizi gara. Eta hiri eskeleto hauei gorputza jarri nahi badiogu kontutan izan behar ditugu hiritar guztien eskubide guztiak.

Ondorioz, denok euskal herritarrak izanik ere, jatorri-identitate bat baino gehiago dagoela onartzea ezinbestekoa da; hain zuzen ere, gogokoa izan edo ez, hori baita errealitatea. Gakoa aniztasuna kudeatzea da, betiere helburu hauek izanik: jendarteren kohesioa eta elkarbizitza egokia lortzea. Neoliberalismoa baita globalizazioaren izenean (indibidualismoa, kontsumismoa, despolitizazioa…) aurrera egiten duenean komunitate oro suntsitzen duena. Beraz, Euskal kultura eta euskara dira Euskal Herriak munduko aniztasunari egiten dion ekarpena, ikuspegi ekologikoa erabiliz. Horregatik, euskararen erdigunea aldarrikatzearen beharra dago, zentraltasuna eman behar zaio espazio sozialean. Halaber, euskal kulturari eta euskarari errespetua aldarrikatzearekin batera, Euskal Herrian egun bizi diren beste kultura eta hizkuntzei errespetua ere zor diegu.

Bestalde, “euskaraz aritzea kontrakultura” (Lore Agirre; Beasain, 1968) bada, XXI mendeko euskalgintzak ere badauka bere baitan hausnartzeko; Independentismotik harago doazen balore emantzipatzaileak barnebiltzen baititu euskarak. Zapaldua izateak dakarren jarrera erakusten du.

Adibidez, azken urteotan mobilizazio erraldoi eta eraldatzaileak bizi izan ditugu gure hirietan. Indarrean dauden botere hegemonikoen (ekonomikoak, patriarkalak, egiturazkoak…) aurrean, alternatibak eskaintzen dizkiotenak herritarrei. Euskara gaur egun, eskeletoari gorputza jarri nahi dioten pertsona guztiena da. Izan ere, konplizitateak lantzeko, elkar ezagutzeko, Bilbo Metropolitanoan, eraldatzailea izan nahi duen edozein arlotako mugimendu batek euskaraz egin behar du (edo beharrezkoa du pertsona eraldatzaileengana heltzeko, bederen). Nork babestuko du alternatiba guztiz erdaldun bat? Urte gutxitan pentsamendu eraldatzaileen kontzientzietan salto bat eman dugu oharkabean. Euskara eraldaketa nahi dugun guztion lelo zein aldarrikapenetan kokatzen da, orain dela gutxira arte ez bezala.

Beraz, euskararen alde egotetik, euskaraTIK egitera!, eraldaketa euskaraz etorriko baita. Orain arte ezagutu dugun euskalgintza ere aro berri honetara egokitzeko zailtasunekin dabil. Ez ote da izango Herrigintza euskaraz egiteko unea? Kultur anitza, transbertsala, eskubide guztien defentsan, kontrakultura horren partaide izan nahi dutenekin abegikorra eta era berean euskaraz arituko dena, zubiak euskaraz pentsatuz… Euskara, bere horretan eta koiunturalki, kontrahegemonikoa baita! Euskaraz egiten zer egiten ari garen aitortu behar diogu gure buruari. Zapalkuntza bati aurre egiten ari gara, eta noski, gaitasunik edukiz gero, herri bat eraikitzen.

Herritarron eta Instituzioen elkarlana.

Zorionez hiritargoa heterogeneoa da, kultur anitza eta kudeaketa publiko eraldatzaile bat beharrezkoa dugu. Euskararen estatus politikoaz ere hitz egin beharko dugu. Nola izan daiteke XXI mendeko 3 hamarkadan A eredua oraindik hainbat ikastetxetan egotea? Edo paisaia-linguistikoak ingelesa lehenengo lerrora ekartzen laguntzea, mundu mailako hizkuntzen hegemonia kolonizatzaileak babestuz?

Argi esan daiteke sortzen ari garen euskalduntasunak ez duela balio euskaldunon kultura eta identitatea normalizatzeko; baina ez da galduko, D eredua nahikoa baita hizkuntza bizirauteko, euskaldunon hizkuntza funtzioak bete gabe, transmisio akademikoa mantentzeko.

Euskal Herri euskaldun bat dugu helburu, baina ez edonolako Euskal Herri bat. Gauden egoeratik abiatuta, ez genuke ulertu beharko euskararen garapentzat komunitatea sortzeko balio ez digun hizkuntza bat, asimilazioa saihestuko ez duen hizkuntza bat, hegemoniari kontra egiteko balio ez digun hizkuntza bat edota bizitzako gorabeheretan ibiltzeko balioko ez digun hizkuntza bat.

Euskal Herrian, bi kultura hegemoniko daude: espainola eta frantsesa. Eta euskal kultura nazio kulturaren funtzio eta logika sozialetik baztertuta egonda, ezer gutxi egin dezake euskarak baldintzotan.

XXI mendeko euskalduntasun berri batera joan beharra dugu. Bilbo Metropolitanoan denok gara euskara ikasleak. Euskara ikaslea izango da subjektu eraldatzailea, Euskaraldiak ekarri duen Belarriprest figurari lotua, jarrera aktiboarekin lotua, besteon hizkuntza eskubideekin enpatikoa izango dena.

 Utzi ditzagun behingoz “euskaldunberri” eta “euskaldunzahar” hitz baztertzaileak eta adi egon nork erabiltzen dituen. Belarriak prest! Zoritxarrez askorentzat oraindik, euskara txoko batean zainduta egon behar da. Eta hizkuntza ez da altxor bat. Euskaraz bizitzeko eskubidea da altxorra. Horretarako ere, euskalgintza berri baterako pausu sendoak jarri behar ditugu. Herrigintza euskaraz egingo delako edo ez delako egingo.

Bilbo Metropolitanoko Euskararen Kontseilua.

Esparru ekonomikoan normalak egiten zaizkigun aliantzak egiten dira. BilbaoRia2000 eta antzerako kudeaketa eredu mistoak eguneroko ogi dira. Enpresa handiak, erakunde publikoekin batera plan estrategikoak diseinatzen dituzte. Plan urbanistikoak, makro ekitaldien diseinuak, “Ze polita dagoen Bilbo” horri elikatzen jarraitzeko proposamenak, bitartean elite baten aberastasuna handitzeko.

Estrategia bateratu hori, Erakunde publikoek enpresa erraldoiekin dituzten harreman estrategikoak logikoak dira herritarren buruetan. Kapitalak eskeletoari begira jarraitu dezake, badauka plana eta babes osoa.

Eta guk? Gehiengoak? Eskeleto horri gorputza jarri nahi diogunok? Euskaraz bizitzeko eskubidearekin horrelako kudeaketa misto bat planteatuko bagenu Bilbo Handirako? Guztion onarpena eta herritarron babes osoa izango duen aliantza bat, instituzio publikoen politiken menpe baino, elkarrekin aurrera egingo duena.

Instituzio publikoek finantziazioaren kontrol osoa izateak, botere handi horren erritmoa, proiektuen bideragarritasuna zein plan estrategikoak egiteko ahalmena mugatzen dituzte. Beraz, Legeak betetzen diren ziurtatzeko, Udaletako Euskara Planak egiterako orduan euskaldunon hitza errespetatzeko, eskubideen urraketa bat dagoenean salatzeko, etorri berriei euskara eskaintzeko, eleaniztasuna bultzatzeko, hamaika arrazoi ditugu Euskalgintza aro berri batera eramateko.

Euskal Herriko populazioaren herena bertan bizi gara. Bilbo Handiak hizkuntza eskubideen alorrean dituen erronkei aurre egiteko unea da, Euskal Herriak dituen erronkak nahi eta nahi ez, eremu Metropolitanotik pasatuko baitira.

Bukatzeko, 2020ean 50 urte beteko dira Gabriel Arestik euskara ikasle, belarriprest, ahobizi eta bilbotar unibertsalak Harrizko Herri Hau, euskarazko poesia sozialaren obra garrantzitsua, plazaratu zuela. Euskalgintza aro berri bati atea irekitzeko efemeride eta omenaldirik onena, erreflexio hau euskalgintzan zabaltzea eta Arestiren betaurrekoetatik begiratzen ikastea.

 

Aritz Argote eta Julen Orbea (Bilboko Euskalgintzako militanteak)

 

Aniztasuna, elkargurutzeak eta burujabetza feminista.

metropolia | 2019-06-05

 

Azken hamarkadan feminismoaren gorakada izugarria bizitzeko aukera izan dugu gure herrian. 2008an Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak egin zirenetik, EHko mugimendu feminista bizitza vs. kapitala logikan jarri zen. Ordutik mobilizazioek, kontzientziazioak... gora egin du, dudik gabe: abortuaren legearen aurkako mobilizazio masiboak, emakume taldeen eraketak, neska gazte feministen antolaketa eta indar metatzea, eraso sexistek eta injustizia patriarkalaren adierazgarri nagusienek sortu duten amorrua eta horren aurkako mobilizazioak (Feministok Prest, autodefentsa feministaren aldarria, gaueko manifestazioak...). Guzti honek eraman gaitu azken bi urteotan egindako greba feministak gauzatu ahal izatera. Urte luzetako teoria eta praktika feministen oinordekoak gara Euskal Herrian, eta 2019an martxoaren 8ko grebatik azaroko V. Jardunaldi Feministetara bidean goaz. 

Euskal Herrian, testuinguru politiko berri batean gaude, urtetan gure gorputzak eta mugimendua zeharkatu dituen gatazka politiko armatuaren konponbidean, justiziaz eztabaidatzen eta estrategia berriak sortzen. Horretan, feminismotik asko dugu esateko, gogoetatzeko eta eragiteko. Feministok elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko unean gaude, egoeraren analisiak partekatzeko eta batez ere, estrategia bateratuak zehazteko. Salda badago.

Izan ere, kaleetan erakutsi dugun legez, sistema menperatzaile, patriarkal, kapitalista, heteroarautzaile, misogino... horren aurrean, eraldaketarako eta konfrontaziorako subjektu politiko nagusi gisa agertu da Mugimendu Feminista. Sistema patriarkalaren (eta berau sostengatzeko mekanismo guztien) deslegitimazio orokorra burutu dugu azken urteotan eta orduz geroztik, balio zein erakunde patriarkalekiko dagoen kontsentsu sozialaren urraketa azkartu egin da. Elkarrekin beste jendarte bat imajinatu eta erakutsi dugu: eraldaketa mugiarazteko, feministok bagarela gai, bagarela nor, eta gai izatera ausartzen garela.

Baina azken urteotako aurrerapauso nagusiena mugimenduak egindako saretze eta antolaketa deszentralizatua izan da. Euskal Herria markoa izanda, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak... Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.

Elkargunean boteretu gara herri honetako emakume* feministak. Euskal Feminismoan aspaldi konturatu ginen elkargune horiek ez zirela helburu bat, hau da, aniztasuna abiapuntua baino ez dela. Guretzat interzekzionalitatez hitz egitea, elkargurutzeaz hitz egitea da. Feminismo dekolonialatik ikasi dugu norberaren kokapenaren garrantzia, izan ere, kokatzea funtsezkoa da posizio hegemonikoetatik askatzeko. Itziar Gandariasek dioen legez “intersekzionalitateak erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula eta kokaleku horrek gure bizitzako aukerak eta gaitasunak baldintzatzen dituela”. Honez gain, pribilegioez eztabaidatzea ere ezinbestekoa da, pribilegioak eta zapalkuntzak osagarriak izan daitezkeen erak aztertuz. Azken batean, zapalduak eta zapaltzaile izan gaitezkeela onartzeak marko zurrun eta dikotomikoak pitzatzera garamatza. Baina pribilegio eta zapalkuntzaren teoria honek askotan identitateen borroka batera ematen gaitu, zapalkuntzen mailakatze batera eta horrek intersekzionalitatea modu oker batean ulertzera garamatza. Bilguneko kide den Amaia Zufiak dioen legez, “bakoitzak bere esperientziatik hitz egin eta borrokatu behar du, gero guzti hori elkartu eta borroka komunak eraikitzeko. Intersekzionalitateak nik zuri nire zapalkuntzaren inguru hitz egitea da, zuk niri zurearena eta ondoren guzti horrekin elkarrekin zerbait komunean sortzea da”. Horretan datza XXI. mendeko iraultzaren gakoetako bat: norberak, bere zapalkuntza posizioari erantzuteko antolatuta, subjektu politiko poliedrikoa osatzea, borrokak mailakatu gabe. Horregatik jarraitu behar dugu feminismoan antolatzen. Kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. 

Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko. Elkargurutze horietan sortuko bait dugu herri honen eraldaketarako izango den subjektu poliedriko hori. Mugiemendu Feminsitaren ikaspenetatik eta borroketatik lortu dezakegu burujabetza feministaren palanka. Finean, jendartea eraldatzeko behar horrek burujabetzaren beharra dakar. Guk argi daukagu burujabetza ez dela bulegoetan adosten, estatuetatik baino eguneroko bizitza arruntetik abiatzen dela. Egunez egun bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, bai gure gorputzen gaineko erabakietan, bai denbora eta lanen banaketan, bai aniztasunaren aitortzan edota komunaren defentsan. Bestalde, lurraldean ere sustraitzen da burujabetzaren beharra. Premiazkoa da gure lurraldean erabakitzeko ahalmena berreskuratzea botere korporatiboen zerbitzura dauden bi estatuen aurrean.

Beraz, burujabetza feministak lotura zuzena du Euskal Herriaren autodeterminazio eta aldaketa prozesuekin. Horrek herritartasun eredu berriak irekitzeko aukera dakar eta elkarren artean harremanak dituzten pertsonak bihurtzea eskubideen subjektu, eskubideak enpleguari, ezkontzari edo jatorriari lotu ordez. Mugimendu feministak baditu proposamenak, eta ezkerreko independentismoan jarduten duten-dugun eragileok baditugu desafio ez gutxi: eskuinaren gorakadak markatutako hauteskundeak, estatuetako lurraldetasun krisi eta inboluzio sozialaren aurrean burujabetzan sakonduko duen alternatiba eraikitzea, kolapso egoerara doan zibilizazioari trantsizio bat eskaintzea. Horietan guztietan, ezinbestekoak dira emakumeon* parte-hartze politikoa, oinarri feminista duen herri proiektua definitzea eta mugimendu feministaren mintzakidetza.1

Mintzakidetza horretarako, Bilbon altxor berezia daukagu mugimendu feministan. Euskal Herriko Emakume Mundu Martxaren esperientziatik, zeinetan emakume arrazializatuen interpelazio zuzen batetik bertan parte hartzen dugun eragileok jabetu ginen elkarrekin egotea ez zela nahikoa. Gure espazioetara eta ekintzetara besteei gonbidatzea ez dela nahikoa. Zentzu horretan EMM-en helburu nagusienetariko bat emakume etorkinak EMMren espazio bereganatzea izan da, beraiena ere dela sentiaraztea. Mesfidantza hori alde batera uzteko ezinbestekoa izan da denon partetik egunero kontzientzia jartzea gure esanetan eta jarreretan.2

Bilboko mugimendu feminstan martxoaren 8ko esperientziatik prozesu aski antzekoa gertatu izan da. Oinarria zabaldu da, aniztasunaren kudeaketa zentroan jarri izan dugu eta horrela lortu dugu Bizkaiko bozeramailetariko bat emakume arrazializatua izatea, zaintza lanetan zazpi egunetatik sei dabilen emakume batek euskal emakume presoen defentsan agertu izana eta mugimendua beraiena sentitu izana asanblada oro. Itziar Gandariasek, Munduko Emakumeak kolektiboko kideak, argi esaten du “hurbiltasun espazioak (hau da harreman afektiboak) ezinbestekoan izan” direla. Afektibitatearen feminismoaz hitz egiten du, aniztasunaren abiapuntutik elkargurutze politikak eman ahal izateko. Bide horretan izango da mitzakidetza zabala Euskal Herriaren burujabetza prozesurako, jabetu behar gara gainera, bide asko dugula ekiteko. Izan ere, oraindik jasotzen ditugu interpelazio asko emakume arrazializatu, trans mugimendu eta kokaleku ezberdinetatik mintzatzen diren subjektuen partetik.

Esperientzia hauek gainera, ezin dira irla bat izan. Euskal Herriko hiri, herri eta txokoetan elkargune hauek sortzera bidean esfortsu bat egin behar dugu. Emakume* anitzok gure egin behar dugu bizitza erdigunean jartzea burujabetza kontua dela, eta horretara, burujabetza horren erdigunean kokatzeak bakarrik eramango gaitu.

 

Naia Torrealdai (Bilgune Feministako kidea)

[Aingura]

1 Bilgune Feministaren 2019ko martxoaren 8ko irakurketatik moldatua. 

2 Itziar Gandarias, “Aliantzak, aniztasuna eta elkargurutzeak”, Jakin, urtarrila- urria 2017, 91-106 or.

Plaza Hutsa Portugaleteko merkatuan

metropolia | 2019-02-28