esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

HAMAIKA BEGIRADEN GOGOETA

Hamaika begirada plaza hutsean egin nahi dugun gogoetarako.

Hamaika begirada beste hamaika begiradekin nahasteko.

Elkarri entzun eta elkar hartzeko.

1. ARO BERRIA: JARRAIDURA. Aro aldaketa betean gaudela sumatzen dugu, aro berri baterako trantsizioan. Frankismoaren garai ilunenean piztutako euskal udaberriak luze iraun du, herrigintza aro emankorra izan da. Aro oparo hau ezin da Estatuekiko gatazka politikoaren testuingurutik kanpo ulertu. Haustura demokratikoaren hautuak –frankismoan lehenik, erreformaren garaian ondoren– euskal herrigintzaren energiak askatu ditu. Asko egin da, herri hau eraiki dugu, herrigintza egin dugu zentzu sakonean. Badago hazi berriak non erein, tradizio komunitario sendo batek ongarritutako lurzoruan.

2. ARO BERRIA: HAUSTURA. Aldaketa handien garaia da. Nahiz trantsizioak nora eramango gaituen ez dakigun, ezagun da aro berri bat badatorrela. Bilaketa prozesuan gaude, haztamuka ari gara; eta, esparru batzuetan inertzien mende, bide berriak urratzeko ezintasun nabarmenekin. Herrigintza aro berriak iruditeria, jardunbide eta epika berriak izango ditu, halabeharrez; eta ondorioz, premiazkoa da zaharkitutako moldeekin haustea. Geure buruak berrasmatzera kondenatuta gaude.

3. DESERRIGINTZA. Euskal Herria komunitate autozentratu gisa eratzen dituzten zenbait dinamika apaldu egin dira azken urteetan globalizazio neoliberalaren eta Estatuen birzentralizazioaren ondorioz –ehun produktiboa ahuldu, autogobernuaren sistema instituzionala zaurgarritu, espazio komunikatiboa desegituratu, euskalduntze fase bat agortu, eta abar–. XXI. mendeak erronka berriak aurkezten dizkio Euskal Herriari eta erronka horiei heltzeko oinarriak ahulak dira.

4. ENERGIA SORTZAILEA. Badago bide-erakusle den energia sortzailea. Trantsizioan gauden arren, prozesu eraldatzaile aintzindariak ikusi ditugu azken urteetan: Lurralde Elkargoaren osaketa Ipar Euskal Herrian, nafar erregimenaren destituzio prozesua, feminismoaren loraldia, Fracking-aren kontrako borroka, Gora Gasteiz mugimendua, armagabetzea, euskalgintzan gertatzen ari den aktibazio soziala, pentsio duinen aldeko olatua, kooperatibismoaren indartzea, bizi eta lan proiektu burujabeen loraldia eta abar. Euskal Herriaren historia garaikideko mobilizazio sozial handienak azken sei urteetan gertatu dira. Prozesu sozialen nolakotasunak eta emaitzak aztertzeko betaurreko berriak behar ditugu.

5. ARTIKULAZIOA. Energia sortzailea egon badagoen arren, fragmentaziorako joera antzematen dugu, eta arriskutsua izan daitekeelakoan gaude. Neoliberalismoak instituzionalizatutako komunitateak desegiten ditu, gizarte-fragmentazioa, indibidualismoa eta kontsumismoa sustatuz lehia kultural eta ideologikoan. Pentsamoldeak eta egitura materialak eraldatzeko anbiziorik ez izatea katastrofikoa da, aldaketaren zerumuga ezabatzen baitu. Ezinbestekoa da borroken eta subjektuen fragmentazioa gainditzea, lehia guztiei egitasmo integralen baitan aurre egitea. Herri gisako gogoeta garatu eta herri gisa bizitzea funtsezkoa da subjektu eraldatzaileak artikulatu eta bestelako gizarte harremanak sortzeko.

6. HERRI-BURUJABETZA. Globalizazio neoliberalaren ezaugarri nagusietakoa demokraziaren pribatizazioa da, herritarrei erabakimena lapurtu eta elite finantzario eta oligarkikoen esku uztea. Azken urteetan europar testuinguruan ikusi ditugun prozesu emantzipatzaile ezberdinek herri-burujabetzaren aldarria izan dute oinarrian, berdintsu M-15ak zein Kataluniako prozesu independentistak. Hauxe da, hain zuzen, garaiko borroka fronte nagusia: gizarte eredu justu eta igoalitario bat eraikitzeko herri-burujabetza –burujabetza pluralean– versus finantza-merkatuen diktadura. Ezkerreko independentismoak sustatutako herrigintzak herri gisako erreakzio komunitario indartsu bat bilatu beharko luke, Euskal Herria eskala demokratiko gisa antolatzea helburu.

7. ESTATUGINTZA. Eraikuntza prozesu hau ezin daiteke Euskal Herriaren estatalizazio prozesutik kanpo ulertu. Estatuek gaurkotasunik ez dutela dioen mantra liberala falazia hutsa da. Neoliberalismoak inoiz baino gehiago behar du estatua, hustu eta eliteen eskura jartzeko, hain zuzen. Estatu autoritario eta teknokratikoen agerpena horren islada da. Aldiz, estatu demokratikoki aurreratu baten eraikuntza neoliberalismoarekiko egitasmo antagonikoa da. Ezkerreko independentismoak sustatutako herrigintzak Euskal Errepublikaren oinarri sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak eraikitzeko anbizioa beharko luke. Aurrez aurre izango ditugu Espainia eta Frantzia, inoiz baino erreakzionarioago.

8. KULTURA POLITIKOA. Herrigintza aro berriak kultura politiko berria eskatzen du, eta berria pentsatzen hasita badago nondik jaso. Ezkerreko independentismoaren kultura politikoaren bereizgarri izan da herrigintzarako sena, azken urte luzeetan, arrazoi ezberdinak tarteko, lausotuz joan dena. Geure ikur izan dira zapalduekiko sentsibilitatea, konpromiso komunitarioa, zintzotasuna, malgutasuna edota lokazteko prestutasuna. Kontrara, sektarismoa, abangoardiakeria eta mesianismoa ere praktikatu ditugu. Sustraietara jo eta gure kultura politikoaren onena erreskatatu dezagun, eta aro berri honen zerbitzura jarri.

9. ALTERNATIBA SOZIOEKONOMIKOAK. Bestelako gizarte eredu bat eraiki nahi badugu, aberastasunaren banaketatik haratago, gizarte eta produkzio harremanak eraldatzeko anbizioa behar dugu. Badago kapital sozial nahikorik Euskal Garapen Eredua pentsatu eta gorpuzten hasteko, gure tradizio komunitarioak ekonomia artikulatzeko ere balio dezan: hamarraldi luzeetako ibilbidea duen kooperatiben mugimendua, ekonomia sozialaren forma ezberdinen zabalkundea eta sindikalismo abertzalearen indarra.

10. UDALGINTZA. Udalgintzak balio estrategikoa du herrigintzaren ikuspegitik. Udalgintzak herrigintzari egin diezaiokeen ekarpenaz jabetu behar dugu, baita alderantziz ere; izan ere, tokiko instituzioen eta gizarte zibil antolatuaren espazioak solapatzen diren lekuan praktika eraldatzaileetarako aberastasun handia dago. Euskal Herrian tradizio luzea dugu herrigintzari lotutako praktika munizipaletan, eta erreferentziazko esperimentazio esparru bilakatzeko potentziala izan dezakegu berrikuntza sozialari dagokionez.

11. EUSKAL LANKIDETZA. Egitura administratiboak gora-behera, berebiziko erronka du Euskal Herriak komunitate autozentratu gisa antolatu eta garatzeko bidea aurkituko badu bere lurraldearen baitan. Euskal lankidetzak, besteak beste, trantsizio sozioekologikoari begirako politikak esperimentatzeko eskala gisa artikulatu ahalko luke Euskal Herria. Euskal lurraldeen arteko lankidetza dinamiketan sakontzeko baldintzak inoizko onenak dira gaur egun. Horretarako tresna berriak behar dira, zaharrak egokitu edota berrezaugarritu beharko dira, baita berriak sortu ere.

HAMAIKA BEGIRADEN GOGOETA