esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Bizitzak eta lurraldeak

bizitzak eta lurraldeak | 2018-12-14

Euskal Herrian garapen eta eraldaketa sozialarekin loturiko esperientzia aberatsak ditugu, herri eta eskualdeetatik behetik gorako bultzadaz eraiki direnak. Izan ere, iragan mendearen bigarren erdialdean Euskal Herria gai izan da gizarte zibil antolatuaren ekimenez premia sozial oinarrizkoei erantzun berritzaileak emateko. Herrigintzaren ikuspegitik ziklo politiko honek kapital izugarria metatu du, pentsamendu eta praxi dentsitate handia, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna.

Oinarri demokratikoetan, identitate komunitarioetan eta elkarlanaren kulturan sustraitzen diren praktika hauek askotarikoak izanik ere, udal oinarriko instituzionalizazioa, tokiko garapena eta ekonomia eraldatzailea konbinatzen dituzte beren adierazpen aurrerakoienetan.

Praktika aberatsak izanik ere, beraien tratamendua, azterketa eta sustapena ez dago sistematizatua, ez eta sinergietan mesedegarri gerta dadin koherentziaz landua ere. Era isolatuan ernatzen dira orokorrean eta bere potentzialtasunaren mugetatik urrun geratzen dira oraino. Faltan sumatzen da praktikaren ezagutza jasoko duen narratiba aglutinatzailea eta eraikin metodologikoa. Baita ikasketa prozesu jarraituan beste leku batzuetako egitasmo sozialak arakatuko dituen lanketa ere.

Iratzar fundazioaren eskutik, beste eragile batzuekin elkarlanean, Europako ezkerreko fundazioen Transform sarearen jardunaldiak Euskal Herrian izango dira 2019an (apirilaren 9-11). Bizitzak eta lurraldeak izenburupean tokiko garapena, ekonomia eraldatzailea eta udalgintzaren arteko gurutzaketak aztertuko dira, tokiko herrigintzaren gutxieneko corpus teorikoa definitu eta datozen urteetako praktiken gaineko ikuspegi konpartituak eraikitzen saiatuz. 

Nola ulertzen dugu ahalduntze komunitariorako praxia? Zein leku du udalgintzak? Zertarako saretu udalak? Zein motako inteligentzia estrategiko beharko genuke? Zer nolako militantzia eredua? Hauek eta beste galdera batzuk erantzuten saiatuko gara modu kolektiboan urtarrilaren 12an hasi eta apirilaren 11ean bukatuko den prozesuan.

Urtarrilaren 12an zatoz Durangoko Landako gunean izango den Plaza Hutsa tailerrera! Izen ematea Plaza Hutsaren webgunean.