Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Zoru etikoa hezkuntzarako

Joxe Mari Auzmendi | 2018-05-18

Gaur egungo hezkuntza begiratzean, zatiketa ugari ikus genitzake: administrazio banaketak, sareak, langile egonkor eta ez egonkorrak, eskola eta familiak, soldata bereizketak, hezkuntza formala eta informala, segregazioak eta abar; hezkuntzaren helburu nagusietariko bat jendartea kohesionatzea izan beharko litzatekeenean.

Hik Hasik bere sorreratik kohesionatzeko ideia horren aldeko apustua egin du, hezitzaile guztientzako informazioa, eztabaida eta  formazioa eskaini ditu eta guztien elkargune izateko ahalegina egin du; kohesioa balio gisa hartuta.

Gure ustez, hezkuntzako edozein egitasmok, balio hezitzaileetan oinarritu beharko luke. Berdin da aisialdi-egitasmoa izan, eskola, hezkuntza informala, formala, administrazio egitasmoa edota telebistako programa izan. Denok hezitzaile gara, uneoro, alde bateko edo besteko mezuak zabaltzen ari gara, eta horretaz kontziente izan behar dugu.

OinHerri elkartean, “Herri Hezitzailea”-ren filosofia ardatz hartuta, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko 14 eragilek bat egin dugu, oinarrizko hainbat balio lantzeko eta, horrela, jendartea hobetzeko asmoz. Egoki ikusten dugu balio horiek hezkuntza-proiektuetan txertatzea eta eguneroko praktikan kontuan hartzea. Hemen, zazpi balio horiek: 1) Haurraren kultura aitortzea eta errespetatzea. Haurra pertsona da hemen eta orain, ez da soilik etorkizuneko heldua. Horregatik, 2) parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaini behar zaio. Eta, parte-hartze horrek 3) aniztasunean berdin eta parekide aritzeko aukera izatea esan nahi du. 4) ingurumenarekin bizitzen ikastea. 5) ingurumen kulturala zaintzea. Harremanetan, 6) euskara lehenestea. 7) elkarlanean aritzea, eta auzolana sustatzea; hau da, komunitatean bizitzea.

Horrez gain, globalizazio garaiotan, globala lokala denean eta lokala globala ere badenean, edozein hezkuntza-egitasmok mundu iraunkor eta denontzako hobea egitea izan beharko luke helburu, eta horretarako, begirada kritikoa eta positiboa duten herritar arduratsuak eraikitzea.

Balio hezitzaileen ikuspegi hori hezkuntzako zoru etikoaren oinarria izatea proposatzen dugu. Izan ere, zoru etikoaz ari garenean, denontzako baliagarri izango den, eta guztiok eroso eta ondo sentituko garen zoruaz ari gara. Eta, nola ulertzen dugu etika? 

Etika, guretzat, ongizatea da. Norbanakoaren ongizatea, taldearen ongizatea, jendarte osoaren ongizatea. Horregatik, ongizatea lortzen laguntzen duten gakoak azpimarratzen ausartuko gara: alde batetik, aurretik aipatutako balio hezitzaileen lanketa litzateke. Beste aldetik, berriz, ez iruditu arren, balioak ere badiren beste arlo batzuk kontuan hartu beharko liratekeela uste dugu. Adibidez, antolaketa administratiboa. Duela bi mende sortutako antolaketa administratibo zentralizatuek erantzun al diezaiekete gaur egungo erronkei? Antolaketa modu horiek bereizketa, zatiketa, banaketa, bazterketa… dakarkite ala jendartea kohesionatzeko balio dute?

Nola lagun genezake jendartearen kohesioan hezkuntzaren esparrutik? 

A. Gertuko gestioarekin. Parte-hartzea indartuz, garden jokatuz, demokratizatuz, komunitate osoa kontuan hartuz (denok parte, protagonista izanaz). Gainera, horrela arituz, hezkuntza komunitatea indartzen da, eta ikerketa denek erakusten duten moduan, emaitza hobeak lortzen dira arlo guztietan: harremanetan, errespetuan, bizikidetzan eta abarretan. Baita emaitza akademikoetan ere.

B. Eskubide berdintasuna bermatuz. Hautatzeko eskubidea izanaz. Edozein ume edo familiak edozein eskolatara joateko izan beharko lukeen eskubidea errespetatuz, denak pareko baldintzetan, alegia, justiziazko egoera batean.

C. Bazterketak saihestuz: bazterketa kulturala, sinesmenezkoa, sexuala, generozkoa, soziala, adimenezkoa, funtzionala eta abar. Adibidez, bazterketa linguistikoa saihestu daiteke, euskara gehiago behar duenari gehiago eskainiz. Behar sozialetan eta kulturaletan ere, gauza bera, segregaziorik gerta ez dadin.

Laburbilduz, hauxe litzateke gure zoru edo marko etikoa: 

1. Denontzako herria. Zaurgarrienak (“ahulenak”) kontuan hartuta eta haien begietatik herria antolatuta. Hori lortzeko, haien parte-hartzea behar-beharrezkoa da. Hik Hasi, adibidez, Bizipozaelkartearen baitan, eskubide bereziak dituzten haurren 32  elkarterekin batera ari da lanean, gure herrian denok izan behar dugulako aitortuak, norbanako guztioi baitagokigu gure toki duina izatea jendartean.

2. Denontzako eskola. Haur bakoitzaren hezkuntza-erritmoa errespetatuta. Gaur egun, posible al da hori lortzea? Curriculuma ikas-mailaka oso zehaztuta eta antolatuta baldin badago, testuliburuak modu hertsian erabiltzen badira, ikas-talde handiak baldin badaude ikasgela bakoitzeko, posible al da denontzako eskola egitea? Bestalde, antolaketa administratibo publikoaren markoak denontzako izan beharko lukeela deritzogu, denok (administrazioak eta eskola komunitateak) erabakietan tokia izanda. 

Gure kontsigna da, Finlandian dioten bezala, neska-mutil guztiek aurrera egitea; alegia, atzean inor ez geratzea; norbera bere garapenaren protagonista izanaz eta besteekin aritzean bakoitzaren nahiz taldearen onena bilatuz. Horretarako bitartekoak behar dira eta behar handiagoa duenari laguntza handiagoa eskaini behar zaio.

Horixe litzateke guk amesten dugun bizikidetzarako markoa, eta horretarako proposatzen dugun zoru etikoa. Une honetan, batzuk, proposamen horretatik nahiko gertu egongo dira; beste batzuk, agian, urrutiago. Segur aski, epe laburrean dena lortzea ez da posible izango, baina jarrerak gerturatuz goazen heinean gure hezkuntzaren noranzkoak zein izan behar duen argi badugu, denon artean lor dezakegula uste dugu.