Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Irabazle izatearen kontzientzia kolektiboa

Gotzon Barandiaran Arteaga | 2018-05-04

Badirudi poetek barneratua dutela derrota kolektibo bat, alegoria ezberdinetan kantatzen dutena. Derrotaren kontzientzia honek ez garamatza, ordea, malkokeriara: poetak askatasun egarri handi batean kantatzen du, derrotatua baina biktimismorik gabe, eta gorazarre egiten dio eroriari, hari zuzentzen zaio, memorian jasotzen du, bere poesia ez baita lanturako, malkoa isuriko duen arren” Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak bilduma aurkezteko prestatu zituen hitzaldietatik galbahetutako berbak dira. XX. mendean idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako euskal kantagintzaren ezaugarri nagusitzat, ezen ez bakartzat, hartu daitezke hitzok. Are gehiago, joan den mendean idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintza horrek euskaldun abertzaleon imaginario kolektiboan zein proposamen politikoen kontzeptualizazioetan itzelezko eragina izan du. Euskal kantagintzak orohar eta idazle eta musikarien artekoak, bereziki, euskal identitate bat ezaugarritu du, 60ko hamarkada arte euskararekin, lurraldetasunarekin eta fedearekin erabat lotutakoa. 1936ko altxamendu faxistaren aurretik zein ostetik bizi izan genituen Euskal Pizkunderako bi ahaleginetan, poeten eta kantarien artean sortutako kantagintzak sortu zituen elementu sinbolikoek sekulako eragina izan zuten gizarte eta nazio kontzientzian. Nazio nortasuna era kolektiboan eraikitzeko ezinbestekoa izan zen.

Irabazle izatearen kontzientzia kolektiboa nahi genuke XXI. menderako. ETAren ibilbidearen amaierak zabaldu duen aro berrian dena irabazteko duen herria gara. Azken 60 urteetan, milaka emakume eta gizonok, urtez urte, egunez egun, arloz arlo, nork bere esparruan, jakintza eta esperientzia alboraezinak pilatu ditugu. Ez litzateke zentzuzkoa eraldatzailea datekeen indargune hori ez erabiltzea. Ez litzateke zentzuzkoa ez logikoa ezta naturala ere. Ezen, nork egin diezaguke herrikideoi ekarpenik handiena feminismoaz ez bada feminista batek? Nork proposatu diezaguke euskal kulturgintzarentzat estrategikoa zer den kulturgile batek baino? Eguneroko bizimoduko arlo guztietan, guzti guztietan, oinarrizko eskubide pertsonal zein kolektiboak etengabe murrizten, pribatizatzen, kriminalizatzen eta desagerrarazten ari zaigun sistema turbokapitalista iraultzeko proposamenak ditugu. Batzuk urteetan ari gara gauzatzen, sortu berrientzako ere mahai-gaineratu ditugu makina bat. Proposamen horietako asko eta askok oso emaitza onak eman dituzte, asebetetze maila kolektibo handiena lortzen dutenak, aspalditik onartu eta egonkortuak. Beste batzuek urte gutxitako ibilbidea duten arren, herrikideek sano baliagarritzat hartu ditugu. Arloz arloko, bizieremu guztiotako jakintza eta esperientzia horiek denak, bakoitzaren egituratzeko zein funtzionatzeko duen erabateko burujabetza errespetatuz, Euskal Herriaren burujabetza osoa lortzeko prozesu batean elkartzea litzateke irabazle izatearen kontzientzia kolektiboa errotu zaigunaren seinale. Ez dugu arrazoi bakar bat Frantzia eta Espainiaren menpe bizitzeko. Bakar bat ere ez. Guk, ostera, elkarrekin hobeto bizitzeko gurabeste proposamen ditugu. Gaur eta hemen, independentzia lorgarria ez eze, ezinbestekoa dugu. Hori da gure herrikideekin konpartitu gura genukeen ideia, galdera gisa zabal litekeena posible da Europan nagusi den sistema turbokapitalista (bere barnean biltzen dituen ezaugarri guztiak zerrendatzeke) ez den beste aukera bat?

Iraultza txikien asanbladan irabazle izatearen kontzientzia kolektiboaz eztabaidatzen hasi dira. Proposatu, eztabaidatu, adostu, gauzatu. Aro berri bat hasi da, arren ez gaitezen atzeratu, aro berri bat hasi da, geldituko gaituenik ez da, aro berri bat hasi da, errespetua pasahitza. Sentitzen duzuna, nahi genukeena, eta zergatik konformatu eskaintzen digutena gutxiegi bada?