Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Ekonomia sozial kooperatiboa eta lanaren burujabetza

Arianne kareaga irazabalbeitia | 2018-07-06

Euskal Herrian mota askotako herrigintza garatu da azken sei hamarraldietako ziklo historikoan, baita eremu sozioekonomikoan ere. Herrigintzaren hainbat alorretan, mundu mailatik begiratuta, baditu berezitasun batzuk Euskal Herriak. Herrigintzaren praktika hau, ordea, galdera berrien aurrean dago aro global berrian. Herrigintzaren praktikan eta beroni buruzko jakintzan pausoak emateko beharra gero eta nabariagoa da. Ildo beretik, eremu sozioekonomikoan ere aldaketa garaia aurreikusten da.

Alternatiba handi eta absolutuetan ez dugu sinesten batzuk. Ekimen zehatz eta konkretuetan jarri dugu fokoa azken urteotan, ekimen ekonomiko kolektibo eta sozialak bultzatuz eta horien gaineko ekosistemak eta sareak ehuntzeko ahalegina egiten. Ekonomia egiteko bestelako logika bat da ekonomia sozialaren paradigma zabalaren baitan dagoena. Autonomian eta autoeraketan oinarri hartzen duena, demokrazian autoantolatzen dena eta lanaren burujabetza ipar duena. Euskal Herrian beste eremu batzuetan bezalaxe ere askotariko esperientzia sozioekonomiko anitzak ditugu gure gizartean. Ez gatoz ezer deskubritzera, esperientziak balioan jartzea da gure nahia.

Euskal Herrian hainbat familia edo eta ekonomia sozial mota bereiztuko genituzke identitatetatik begiratu beharko bagenu. Ekonomia sozialeko familia ezberdinei buruz hitz egin genezake, baina interesatzen zaiguna horiek ezaugarritzeko erabiltzen diren elementuak eta gakoak dira. Zerk batzen ditu? Zeintzuk dira konpartitzen dituzten elementuak? Seguruenez, erdigunean bokazio eraldatzailea eta pertsona daude. Indibiduotik proiektu kolektiboa eraikiz gizartea eraldatzeko nahia.

Horiei lotuta, badira gure ustez bi elementu zentral ekonomia berritzeko. Enpresa egiteko eta hortik abiatuta pertsonak erdigunean izango dituen ekonomia  egiteko.  Lanaren burujabetza  edo eta autonomia pertsonala alde batetik, eta antolaketa demokratikoa bestetik. Bi ardatz horitan pibotatuz pertsonak, komunitateak edo eta  auzoek dituzten beharrak asetzeko ekonomia egitea.

LANAREN BURUJABETZA ETA AUTONOMIA ARDURATSUA. Ekonomia sozial kooperatiboa lanaren burujabetzaren aldeko hautua da. Beste ekonomia ereduan ez bezala, hemen ez dago etekin ekonomikoekin aberasteko asmorik, eta beharrak asetzera bideraturiko ekonomia da praktikan jartzen dena; batez ere, lana edukitzeko beharra asetzera. Baina lan hau modu burujabean egin nahi da, lanaren inguruko erabaki nagusiak norberaren eta kolektiboaren esku egonda: erabakiak hartzeko ardura norberarena eginez eta ez besteen esku utziz. Era berean, ekonomia sozial (kooperatiboa) zerbait bada ardura-hartze prozesu amaigabe bat da. Ardura hartzea da burujabe izateko bidea; ardura-hartzerik gabe ez dago eraldaketa sozialik, ez dago kooperatibismoa edo ekonomia solidarioa ulertzerik. Ardurak hiru dimentsiotan hartzen dira ekonomia sozial kooperatiboan: 1) norbanako bakoitzak bere bizitzan hartzen dituen ardurak 2) taldean beste kideekin batera adostutako konpromisoak 3) proiektua komunitatean txertatzen denean komunitatearekiko eta gizartearekiko hartzen diren ardurak.

Bestea antolaketa demokratikoa da. Besteekin harremantzeko eratzen dugun marko demokratikoa, bai enpresan barrura begira, zein enpresa edo kooperatiben arteko interkooperazio edo lankidetza sareetako antolakuntza organizazionalean. Artikulazio kooperatiboaz arituko ginake.

ANTOLAKETA DEMOKRATIKOA ETA AUTOERATUA. Autoeraketaren paradigman txertatzen da ekonomia egiteko modu hau, non erabakitzeko ahalmena taldean kokatzen den. Erabaki-hartze prozesua balio demokratikoetan egiten da, “bazkide bat bozka bat”, taldeko kide guztien parte-hartze eskubidea bermatuz. Parte-hartze eta erabakimen demokratiko hau hiru esparru ezberdinetan ematen da: a) eguneroko lanean eta gestioan, b) enpresaren jabetzan eta c) aktibitateak sorturiko emaitzen banaketan.

Sakonean erabaki ahalmena eta burujabetza dago antolatzeko modu honetan, lanaren jabe izatea, enpresaren jabe zein norbere buruaren jabe. Pertsona kontziente eta ahaldunduagoa, eraldaketa norberagandik hasten dela entzun izan dugu sarri. Burujabetza ere norberagandik hasten dela gehituko genuke guk.

Beraz, gure ustez, pertsonak protagonista eta burujabe izango diren proiektu ekonomiko kolektiboak dira etorkizuneko ekonomia pentsatzeko klabeak. Pertsonek eurek, modu kolektiboan asetuko dituzte euren beharrak eta hori lurraldean txertatuta egingo dute. Komunitate hurbilean, norberak bere herri, eskualde edo auzoan.