Zaila bada, ez da ezinezkoa
David Anaut | 2020-02-17Ez da oso azterketa zorrotza egin behar euskarak Nafarroan etorkizun korapilatsua duela ikusteko. Argiak baditugu, ilunak ere bai, datu eta alderdi onak, baina baita ezintasun nabarmen batzuk ere eta, esate baterako, euskararen aurkako politika eta ildo aktibo berriki suspertuak. Nola begiratu horri guztiari? Begirada inuzente eta xalo batekin, makurrari ezikusiarena eginez? Jarrera edo aldarte ezkor eta etsitu batetik? Ez bata eta ez bestea, gure ustez behintzat.
Saiatuko beharko genuke, egunerokotasunetik harago, orainaren eta etorkizunaren gakoak identifikatzen, horien gainean lan egiteko. Eta gerta liteke, akaso, beharrezkoak diren baldintzak eta urratsak zerrendatzen hastean ameskeriatan gabiltzala pentsatzea. Baldintza eta urrats esanguratsu horiek gauzatzen zailak izateak ez du esan nahi, ordea, ezinbestekoak ez direnik, eta merezi du ideiak aipatzea, ekartzea, partekatzea, eta horiek denak eztabaidatzea eta, ahal bada, adostea.
Hona ekarri dugun zerrenda labur honek ez dizkigu emanen, inondik ere, Nafarroan euskararen aurrerabideak behar dituen gako guztiak, baina saiatuko gara, gutxienez, gure ustez pisuzkoak edo esanguratsuak izan litezkeenetako batzuk ekartzen. Honatx ideia horiek, ordena alfabetikoan emanak:
Adostasuna: euskarari eta Nafarroari buruz ari garenean, sarritan etorkizuna dilema gisa agertu zaigu: “bizi ala iraun”. Ustezko dilema horren aurrean bizitzearen aldeko hautua eginez gero, eta osasuntsu bizitzera iristeko anbizio handiko bide-orria ezinbestekoa dela jakinda, adostasun zabal eta sendoa izanen litzateke abiapunturik onena. Nafarroako gaurko errealitate soziopolitikoa kontuan izanda, aurrena adostasun soziala lantzea hobetsi beharko litzateke ziur asko, eta horrek berak adostasun politikoa bultza dezala. Eta, jakina, adostasun horrek guztiak ekar ditzala gobernantza eredu berriak, erakundeen hizkuntza politika eta euskalgintzaren nahiz oro har jendartearen ekarria uztartuz eta norabide beretsuan jarriz. Inozoegiak izan gabe, betiere, bai baitago adostasuna soilik euskara folklorizatzearen inguruan ulertzen duenik. Gauza bat da euskara aurrerabide esanguratsu batean jarriko duen adostasun sozial eta politikoa zinez bilatzea, eta beste bat onkeria hutsez jokatzea eta adostasuna gutxienekotik oso-oso azpitik dauden erabakietan eta urratsetan kokatzea.
Bulkada: askotariko ahotsek diotenez, euskararen, euskalduntzearen eta euskalgintzaren ibilbidea eta bide-orria berrikusteko unea da oraintxeko hau. Euskal Herri osoan egin beharreko ariketa, datozen hamarkadak eta agertoki berriak gogoan. Une horretan gaude, baita Nafarroan ere. Jauzi bat eman beharra aipatzen da han eta hemen, ametsak, estrategiak eta diskurtsoak berritu beharra, besteak beste, eta jauzi handi batek, ezinbestean, bulkada berri eta indartsu bat eskatzen du. Euskara berreskuratzeko eta biziberritzeko ahaleginean aldi historiko esanguratsuenek bulkada sendo bat izan dute atzean. Oraingoak ere beharko du, akaso arrazoi eta motibazio berrituek hauspotuta.
Diskurtsoa: mantra baten tankera hartu du diskurtso terminoak gurean, baina ezin uka horren beharrean bagaudela. Diskurtsoa, eta ez diskurtsia, zenbaitetan gure onkeriak eta molestatzeko beldurrak horretara ere eramaten baikaitu. Hizkuntza gatazka bestelako parametroetan ere kokatuko duen diskurtsoa (justizia/berdintasuna/kohesioa, esaterako, Kontseiluak Iruñean deitutako azkeneko manifestazioan jaso zituen hiru ideiak, hain zuzen ere), baina aldi berean hizkuntza (euskara) herritar euskaldunen nahiz erdaldunen bizitzarekin eta interesekin lotuko dituena eta motibazio indartsu eta eguneratuak eskainiko dituena, mundu globalizatu eta uniforme batean mundua bera beste era batean ikusteko eta bizitzeko aukera emanen duena, nor izaten lagunduko duena, eta etorkizunarekin ere lotuta joanen dena.
Euskaltzaleak: horien hausporik eta bultzadarik gabe, jakina, aurrerabiderik ez. Euskaltzaleon aktibazioaz dezente hitz egiten ari gara azken aldian, eta gabezia batzuk ditugula erakusten digu horrek, baina, halaber, baita horretaz jabetuta gaudela, palanka berrien bila ari garela eta euskalgintza biziberritua behar dugula ere.
Gatazka: badirudi XXI. mendean oraindik ere gatazkari beldurra diogula. Gure historia hori besterik ez da eta. Hamaika gatazka ditugu inguruan, eta hizkuntza gatazka ere bai, ez dago hori gorde beharrik. Beldurra, izatekotan, edo errezeloa, alderdikeriari izan beharko genioke, jarrera mizkin edo zitalei, axolagabekeriari, interes ezkutuei, nagusikeriari… Hizkuntza gatazka egon badagoela eta gatazkak dimentsio sozial eta politikoa duela ulertu eta aitortzeak ez du deus txarrik, osasungarria ere bada, eta horri beldurrik izan gabe, ohiko egoera bat baita, heldutasunez eta lasaitasunez heldu beharko genioke.
Hizkuntza politika: egiten dena, eta egiten ez dena, dena da hizkuntza politika. Nafarroan, eta erakunde publikoei dagokionez, Nafarroako Gobernuaren programa-akordioa nahikoa etsigarria da, behar lukeenetik oso urrun. Beste hiru urterako plana da, eta ikusiko da zer ematen duen, baina epe horretan marraztuko da berriz herrialderako plan estrategiko bat, definitu beharko dira Gobernuaren egiturak eman beharreko zenbait urrats esanguratsu, eta hizkuntza politikaren nondik norakoan garrantzitsuak izanen diren zenbait erabaki hartu beharko dira. Eginen den hori, bistan denez, momentuko jarrera, kalkulu, espektatiba, presio eta eskaera sozial eta politikoaren araberakoa izanen da. Hizkuntza politikaren inguruko arnas luzeko gogoetak egiteko unea da Nafarroan bezala Euskal Herri osoan ere, baina gaur eta biharkoari ere arreta eskaini beharko zaio. Gobernuaren eremuaz harago, jakina, udaletan egin daitekeen hizkuntza politikak aurrerabiderako aukera bikaina ematen du.
Independentzia: esan beharrik ez dago, estatu(s) berri batek hizkuntza politika burujabea eta eraginkorra egiteko aukerak biderkatuko lituzke. Gaur arratsalderako izanen ez badugu ere, denok ez noski baina askok uste eta pentsatzen dugu euskal errepublika independente batek ate asko irekiko lizkiokeela euskarari eta, zalantzarik gabe, berme askozaz ere sendoagoa eskainiko liokeela hizkuntza politika normalizatzaile bati.
Intersekzionalitatea: justaposizioa eta zerrendatzea baino gehiago da, borroka ezberdinen gurutzaketa, batzen gaituena bilatuz. Idatzita dagoen zerbait da, gogoetara eta eztabaidara etorri zaigun planteamendua, akaso han-hemenka gorpuzten ere hasia, eta bide iradokitzailea eta euskalgintzari aukerak ireki diezazkiokeena. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da liburu mamitsuan baditugu horren inguruko ideia eta azalpen sendo askoak, pentsarazteko gutxienez balio dutenak eta, zorte pixka batekin, hortik gero praktika bat ekartzen lagundu dezaketenak.
Onkeria: onkeriaz jokatuz gure eskakizunen langa jaitsiz eta jaitsiz ari gaitezke, batek daki noraino. Bitartean, gure onkeriaren jomuga diren horietako batzuek, eta euskarari buruzko gogoeta-foro jakinetan euskaltzaleekin batera parte hartzeko eragozpenik ez duten horietako batzuek, boterea eskuratu eta segundo erdia ere ez dute galdu neurri bidegabe, atzerakoi eta zapaltzaileak gauzatzeko. Ez dezagun ahaztu Nafarroan irekita dagoela, eta aktibo, euskararen aurkako fronte indartsu bat.
Paradigma berria: hori behar omen du euskarak, euskararen normalizazioak edo euskalgintzak. Inori ustekabeko ideia jenialik bururatu ezean, euskararen normalizazioa osatzen duten elementuen taula periodikoan ez dugu agian elementu berririk eta harrigarririk aurkituko, baina agian elementuen konbinazio edo ponderazio berriak proba ditzakegu: diskurtsoak, egiturak, motibazioak, lehentasunezko eremuak, aliantzak, ahalduntzerako proposamenak…
Sintesia: dilemetarako eta dikotomietarako sarritan izaten dugun ohituraren gainetik, euskara irabazteko bidean jartzeko lanari dagokionez, sintesira jo beharko genuke, gure ustez, agian zailena horixe dela jakinda ere. Eta sintesia ez da erdia handik eta erdia hemendik egitea. Euskaraldia, Agerraldia, Korrika eta gisako ekimenen ondoan, lehorxeagotzat jotzen ditugun dekretuak, arauak eta bestelako politika normatiboak ditugu, horiek ere beharrezkoak, hain ilusio sortzaileak ez izanagatik. Sintesiak horiekin denekin jokatzen jakitea eskatuko digu, nahitaez bataren eta bestearen artean hautatu beharrik izan gabe.
Ugaritasuna: aurrera eta urrutira begira jartzeak ezin digu galarazi lurrera ere begiratzea, harri kozkorrekin estropezu eginda eror ez gaitezen eta, jakina, egunerokoan baditugu berehalako erronkak: euskarazko irakaskuntza udalerriz udalerri hedatzea; belaunaldi berriak euskaraz sozializatzeko aukerak sortzea; doako euskalduntze-alfabetatzera jotzea; euskararentzat erabilera espazioak sortu, josi eta egonkortzea; arnasguneak bideragarri izan daitezen lortzea; Euskaraldiak proposatzen duen ohitura aldaketa sustatzea eta egonkortzea; Agerraldiak Nafarroako erdialdera eta hegoaldera dakarren bultzada laguntzea; udaletatik egin daitekeen hizkuntza politika eraginkorra indartzea; Nafarroako Gobernua euskararen plan estrategikoa hobetzera eta betetzera bultzatzea, hizkuntza politikan eraginez; etsi gabe euskararentzat estatus ofizialaren beharra ulertarazi eta eskatzea; lan-mundua bezalako eremuetan urrats esanguratsuagoak ematea; kulturgintzak eta euskarak duten lotura estua eta ezinbestekoa bermatzea, transmisioa eta sorkuntza antolatuz, sustatuz, ikusgarri eta bideragarri eginez; eta abar. Eta, hori guztia bezain garrantzitsua, euskararekin, hizkuntzarekin, disfrutatzea eta gozatzea. Gure bizitzako alor eta une guztiak goitik behera zipriztintzen dituen hizkuntza izan dadila, baita ere, gozamenerako iturri, hori ere ezinbestekoa baita.
Zonifikazioa: bai, esperpento juridiko hori, euskararen ofizialtasunari hesiak jartzen dizkion sistema okerra. Eskakizunen langa folkloreraino jaisten utzi gabe, Nafarroan edukiz ongi hornitutako ofizialtasuna eskatzen jarraitu behar dugu, lurralde osorako. Beharrezkoa delako, ondorio eta onura praktikoak eta errealak ekarriko lituzkeelako, ez kontu erretorikoengatik. Ez da, noski, lan-ildo eta egiteko bakarra. Arestitxoan ere beste mordoxka bat aipatu ditugu, baina hau ere egitekoen zerrendan daukagu, eta konplexurik gabe eutsi behar diogu, gainerako guztietan adoretsu jarraitzen dugun bitartean eta horiekin batera.
Bukatzeko: Bizi ala iraun baldin bada galdera, bizitzearen alde egin dezagun hautua, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Zorroztasunez, errealitate den bezala aztertuz eta ulertuz, baina, errealitate sarritan etsigarri horren aurrean, ahal bada aldarterik onenarekin.