Euskalduntzean aurrera
euskara | 2018-12-14Euskalduntze prozesuaren fase oso batek sabaia jo du. Asko aurreratu da, asko egin da. Baina, orain, oso momentu berezian aurkitzen gara: euskararen erabilerak azken hamarraldietan ezagutu duen goranzko joera eten egin da, eta beheranzko joera horrek hala segiko du hizkuntza politiketan eta euskararen aldeko langintza soziopolitikoan jauzi bat eman ezean. Belaunaldi honek hartzen dituen hizkuntz-jarreren eta datozen urteetan herri gisa egiteko gai garenaren araberakoa izango da euskararen etorkizuna.
Aktibazio handia antzematen da euskalgintzan, bai gogoetari dagokionez eta bai ekintzailetzari dagokionez. Euskarak herri-bulkada berri bat behar du eta ezkerreko independentismoak ere gogoeta estrategikoa berritzeko garaia du, ezkerreko independentismoaren arnasa, ekarpena, ere ezinbestekoa izango baita datozen urteetan. Hori dela eta, urtarrilaren 12an gogoeta-prozesu ireki bati ekingo diogu.