Bilbo metropolitanoaren kartografia sindikala
metropolia | 2019-07-16Mikel Alvarez "Betelu", LABeko kidea
“Kapitalismoaren logika geografikoa”. Horrela du izena David Harveyen azkeneko saiakerak. Harvey bidelagun izan dugu hiriaren eta klase ikuspegiaren arteko uztarketa bilatzen ari garenok. Geografia hitza ezinbestekoa da Bilbo Metropolitanoko klase gatazkaren bilakaera historikoa ulertzeko, baina, espazio fisikoaz gain, beste aldagai batzuk sartzeko beharra ere badaukagu garai hauetan: kartografia adibidez. Kartografia, hain zuzen ere, mapa geografikoak egiteari deritzon praktika da. Zientzia, estetika eta teknika konbinatzen dituen praktika da, geografiaren nozioak ikusgarri egiten dituena eta jendarteari zabaltzeko gai dena. Kontrabotereko sindikalismoaren papera, eta bereziki LABena, Bilbo Metropolitanoan horretara doa: klase borrokaren erroa jaso eta zientziaren zehaztasun politikoaren, gatazkaren estetika eraikitzailearen eta antolakuntza eraginkorraren teknika aplikatuz, langileriarentzat tresna bat izatea.
Hauteskunde ziklo baten amaieran egindako balorazio guztiek arrisku bera daukate: 4 urtez behin hautetsontzi batean botatzen diren paper batzuk soilik hartzea herritarren borondatearen neurgailu bezala. Afera ez da kartografia horretatik ihes egitea, mapa horrek erpin asko dituela ulertzea eta argazkia osatzea baizik. Demokrazia liberalaren paradigmaz haratago ere, badaude langileon (herritarron gehiengoa) ordezkaritzarako bestelako neurgailuak. Eragile sozialetako partaidetza aktiboa, sindikatuen afiliazio eta ordezkaritza maila, jendartearen mobilizazio maila… Azken neurgailu hauetatik kartografiatzen badugu gure mapa eta hauteskunde politikoetatik eraikitakoarekin konparatzen badugu, disoziazio itzela dagoela ikusi dugu:
-
Mugimendu sozialaren errealitatea bizia. Eragile sozial klasikoek indar sinboliko handia duten arren, mugimendu sozial berritzaileen loraldi batean gaudela esan daiteke. Bizitza (klase zapalduak) eta lurraldeak (metropoliaren adierazpen ezberdinak) oinarri hartuta, proposamen berritzaileak ari dira ateratzen errealitate berriei aurre egiteko. Klasikoaren eta berritzailearen arteko uztarketan eta elkarrekintza horretan egongo da klabeetako bat. Adibidez, nork esango luke pentsionisten eta mugimendu feministaren arteko elkarrekintza konstantea egongo zela bai maila diskurtsiboan eta praxia egituratzeko orduan? Edota auzo elkarte klasikoak eta turistifikazioaren ondorioz alokairu izugarri altuak ordaintzera kondenatuta dauden gazteak aliantzan jardungo zirela? Irakasgai asko dago horrelako esperientzietatik ateratzeko.
-
Sindikalismoaren argazkiak tendentzia argi bat erakusten du, azkeneko hauteskunde sindikalak horren adibide garbia direlarik. Kontrabotere sindikalismoa goraka doan bitartean, kontzertazio sozialera bideratuta dagoen sindikalismoa gainbeheran dago Bilbo Metropolitanoan. Tendentzia hori are handiagoa da etorkizunean (eta hein handi batean, gaur egun ere) hirian nagusiak izango diren sektore estrategikoetan. Hor ditugu, besteak beste, hirugarren sektoreko eremu guztiak, instituzio publikoek subkontratatutako enpresak, sektore feminizatuak… Bilbo metropolitanoan alternatiba politikorik eraiki nahi bada, ezinbestekoa da indar korrelazio hau kontuan hartzea eta aktibo politiko bezala ulertzea. Enpleguaren eremutik eta eremu sozialetik haratago, kontrabotere sindikalismoa estrategikoa da, politika gatazka materialaren joko zelai bezala ulertzen bada behintzat. Sindikatuek (ez bakarrik) ordezkatzen duten langile mugimendu berri(tu)rik gabe ez dago alternatiba politikorik.
-
Azken urte hauetan Bilbo Metropolitanoko jendartearen mobilizazio maila ere ezin daiteke ahaztu. Ahoa bete zaigu urte hauetan egon diren mobilizazio jendetsuekin, baina horrek fetitxea gainditzen du. Bada mahai gainean jarri beharreko elementu bat. Hiria da agenda politiko mobilizatzailea markatzen duena eta kasu honetan Bilbo aitzindaria eta erreferentzia izan da. Batez ere mugimendu feministak eta pentsio duinen aldeko mugimenduak izan dira abangoardia. Biek uztartu dituzte, borroka gehienek bezala, dimentsio materiala eta sinbolikoa. Biek ala biek gainditu dituzte antolakuntzarako forma agentzialak. Biek jarri dute bizitza duinaren dimentsioa agenda politikoaren erdian.
Eta honen inguruan, kontrabotere sindikalismoak eta bereziki LABek ze ekarpen dauka egiteko Bilbo Metropolitanoan eraiki beharreko alternatiba soziopolitikoan? Hemen hainbat pista:
-
“Politika” eta “politikoaren” mugaren zabalpena. Parte hartze politikoa maila asimetrikoan handitzen ari da. Bilbo Metropolitanoko auzo langileen parte hartze politikoa, maila orokorrean ulertuta, ez soilik hauteskunde parte hartze bezala ulertuta, erdigunekoa baino askoz apalagoa da. Kontrabotere sindikalismoa da politizaziorako tresna eraginkorrena, izan ere, sindikatua da eskala politikoaren katebegirik primarioena; sindikalismoak ahalmena dauka egunerokotasunean ematen diren gatazka partikularrak esparru soziopolitikoaren logika kolektiboan kokatzeko. Enplegutik hasi eta auzoetako egoera prekarioekin jarraituz, guzti horietan oinarrizko interbentzioa du eta bertatik eraikitzen da bizitza VS kapitalaren arteko dikotomia. Hori da, hain zuzen ere, politikaren eta politikoa denaren muga zabaltzea; beste hitz batzuetan esanda, gatazka eta kontraesan eraikitzaileak sortzea joko zelai politikoa handitzeko.
-
Paradigma publiko-pribatuaren kontrako praxia. Gure sistema politikoan instituzioek pisu handia daukate, bai pisu politikoa eta baita ere pisu ekonomikoa. Pisu ekonomiko horretan, sektore publikoaren eta sektore pribatuaren arteko “kolaborazioa” handitu da, instituzioez dependiente diren eta enpresa pribatuetan jarduten diren langileen kopuru izugarri handia delarik. Honek izen bat du: subkontratazio bortitza eta prekarizazio deliberatua. Hor interbentzio sindikal indartsu eta estrategiko bat ezinbestekoa da, izan ere, hor dago Bilbo Metropolitanoan agintzen duen erregimenaren sustengu garrantzitsuenetako bat. Dirulaguntza selektiboak, korrupzio sistematikoa, kontratazioen pastela, obra publikoen atzean dauden interes ekonomikoak, sektore femenizatuetatik eta zaintza lanetatik ateratzen diren etekinak… “Paradigma publiko-pribatu” honen atzean ezkutatzen da indar korporatiboa bere gordintasunean. Honek, hain zuzen ere, erregimen hori modu argian identifikatzea (PNV-PSE) eta pedagogia politikoa egitea eskatzen du. Gainera, soilik horrela eraikiko dugu herri honek behar duen sektore publiko indartsua.
-
Hiriaren sektore produktibo berriak aurreikusi eta klasikoekin uztartu. Bilbo Metropolitanoko langile sektore asko udaberri honetan borrokan altxatu dira. Konfliktibitatea izugarri handitu da azken kurtso sindikal honetan eta ezaugarri klasikoak eta berriak biltzen dituen olatua osatu da. Hor daude, aurreko atalean esan bezala, subkontratazioetako borroka guztiak, zaintza lanei lotutako borrokak, metaleko borroka, irakaskuntzak ematen ari diren borrokak, osasungintzan egindako lan sindikal guztia… Baina ez hori bakarrik, sindikatuez haratago baina LAB bezalakoen babesarekin, langileon antolakuntzarako esperientziak gorpuzten joan dira, aipatzeko delarik Eraginen papera, riderren inguruan dauden mugimenduak, etxeko langileen elkarteak edo langile migranteetan ematen ari diren esperientziak. Gainera, hiriaren errealitate produktibo berriari ere erantzuten diote, esaterako, sektore digital berriei, turistifikazioari edota nazioarteko makrojaialdiek eragiten duten prekarietate berriei. Langile subjektuaren berrartikulazioa ez da soilik hausnarketa marko batean egiten; langile subjektuaren berrartikulazioa praxian egiten da, hau da, antolakuntzaren eta borrokaren norabidean. Ezinbesteko iparrorratza etorkizunean eta epe motzean, izan ere, udazkena oso beroa izango da langile borrokari dagokionez. Metaleko borroka ez delako iraganeko borroka eta plataforma digitalen bidez lan egiten dutena etorkizuneko borroka; biak orainaldiko borrokak dira.
-
Bizitza (klase zapalduak) eta lurraldeak (metropoliaren adierazpen ezberdinak) oinarri hartuta, alternatiba soziala eraiki. Bizitzaren prekarizazioak, enplegutik hasita baina haratago joanda, lurraldearen segregazioarekin lotura zuzena du. Auzoen egoera, etxebizitzaren afera, diru sarreren afera… dena dago elkarloturik. Hemen ere kontrabotere sindikalismoak, eragile sozialekin elkarlan konstantean, Bilbo Metropolitanoarentzat agenda integral eta potente bat berreskuratu behar du. Euskal Herriko Karta Soziala bezala esperientziak oso interesgarriak izan dira bide horretan eta aldagai berriak barnebildu beharko dituzte, esaterako migrante langileen afera edota eskubide sozial berrien inguruko hausnarketak (digitalak, adibidez). Eta hor kokatzen da, era berean, LABek Programa Sozioekonomikoa berritzeko osatu duen prozesua, langileon proposamen estrategikoak bildu nahi dituen programa izan nahi duena alegia.
Sindikatuen berrikuntza ikertzen zuen lan akademiko baten arabera, sindikatuen berrikuntzarako gaitasuna lau adierazleren baitan aztertu daiteke. Antolakuntza berritzeko gaitasuna, ekintza kolektiboa garatzeko tresnak eraikitzeko gaitasuna, kanpo aliantzak saretzeko gaitasuna eta errelato bat artikulatzeko gaitasuna. Lau esparru horietan aurrerapauso nabarmenak ematen ari da LAB eta gehiengo sindikal guztia. Kapital sozial eta humano hori Bilbo Metropolitanoan garatu beharreko prozesu politiko-sozial-sindikalaren perspektiban jartzea da egokitzen zaiguna. Kontrabotere sindikalismoa beti egingo da klase zapalduen aldeko borroka eraikitzailea sustatzea eta hori logika dialektiko eraikitzaile batean ulertu behar da, balizko artikulazio politiko zabalagoei egin diezaiokeen palanka lana bezala.
Eta hau guztia zergatik? Ez dagoelako demokrazia integralik eta modu askean erabakitzeko baldintzarik demokrazia materialik gabe. Ez dagoelako prozesu soberanistarik langile mugimendu artikulatu eta indartsurik gabe. Ez dagoelako Bilbo Metropolitanoa eraldatzeko gaitasunik klase sindikatuek jokatzen duten paper determinantea ulertu gabe. Mapa osatzeko kartografiaren ezinbesteko elementuak.