Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Pantaila hutsa?

Maddi Ane Txoperena | 2018-05-11

Ziklo berri baten atarian herrigintzaz eztabaidatzeko ireki den Plaza Huts honetan, ezin komunikabideei buruzko gogoetarik egin gabe utzi espazio interesgarri hau. Sarri erraten baita kontatzen ez dena ez dela; eta hala da, hein batean, gure ingurune hurbiletik harago, behintzat. 

Komunikabideak izan daitezke, aldi berean, herrigintzak egiten duenaren bozgorailu. Baina baita herrigintzaren parte ere, komunikabideak berak herri bat eraikitzeko oinarri sendoa diren heinean. Gure errealitatea gure ahotsez kontatzen baitute herri komunikabideek, eta, era berean, gogoetarako plaza eskaintzen digutelako. Gure hizkuntzaren normalkuntzarako eta corpusaren eraikuntzarako esparru nagusi direlako, eta gure ideien, balioen, kulturaren eta proiektuen zabalpenerako tresna ezinbertzekoak, baita ere. Are, komunikabide nazionalen kasuan, administratiboki eta sozialki zatitua dagoen Euskal Herri bat marrazten digutelako egunero, komunitatea eraikitzearekin batera. 

Aurkakoa ere egin dezakete, ordea. Eta, onartzea zaila zaigun arren, gaur egun Diario Vasco, Sud Ouest eta Marca irakurtzen dute gure herrietako biztanle gehienek, entzuten France Bleu eta Gaztea; eta ikusten Telecinco, La Sexta eta BFM TV. Eta asko aztertu beharrik ez dago gure proiektu eta aldarriei entzungor egitea ez ezik, gure kontakizuna desitxuratzea dutela horiek helburua: ikusi bertzerik ez dago Altsasuko muntaia polizialari emandako hauspoa, edota azken egunotan ETAren bukaeraren harira egindako irakurketa interesatuak. Ahantzi gabe EITB, modu sutilagoan agian, baina EAJren proiektua haizatu baino egiten ez duena, salbuespenak gorabehera. 

Gure proiektuak sustatu eta lau haizetara zabaldu nahi baditugu, ezinbertzekoa izanen dugu, batetik, horiei guztiei kritika egitea (zergatik ez Diario Fatxo moduko bat EITBren aurka?), eta, bertzalde, gure hedabide propioak eraiki eta jada ditugunei indarra ematea. 

Ez da gauza berria; bide horretan ibilbide luzea izan baitute herri komunikabideek azken hamarkadotan: Euskaldunon Egunkaria-k laster 30 urte izanen lituzke itxi ez balute, Hala Bedik 35 eginen ditu udan, Euskal Irratiek ia 40, bertze hogei Kanaldudek, hamar Hamaika Telebistak, eta laster beteko ditu hamarTopatu.eus-ek ere. Zer erranik ez, aurretik exixtitu eta garatzen joan diren Argia edota aipatzeko luzeegia litzatekeen tokiko komunikabideen zerrenda. 

Bertze sektore edo mugimendu batzuei gertatu zaien bezala, ordea, aldaketa unean daude horietako anitz ere: paperaren krisiak eta instituzioetatik emandako babes faltak etengabe bultzatzen ditu bazkide eta laguntzaileei sostengua eskatzera, eta baldintza prekariotan daude maiz egitura horietako langileak. Izaera militanteari eusteak badu garrantzia, noski, eta sarean eta elkarlanean lan egiteari uko ez egiteak. Baina hegemoniko izan eta bertze komunikabideei espazioa irabazi nahi badiegu, ezinbertzekoa izanen zaigu baliabideak eskuratzea. 

Krisi edo aldaketa momentu guztietan bezala, aukerak ere zabaldu dira, nolanahi ere. Aldatu egin da informazioa kontsumitzeko era, eta horrekin batera, komunikabideen esparruan eragiteko forma berriak agertu dira: gazteek telebista baino, web telesailak ikusten dituzte orain ordenagailu edo sakelakoetan, eta sare sozialak bilakatu dira gure irrati eta egunkariak. Eremu labankorrak dira, baina horietan eragin eta eskaintza interesgarriak egiten asmatu beharko dugu, baldin eta herritarren gehiengoarengana iristea bada gure erronka. Ahaztu gabe, halere, betiko leloaren betiko leloaz: baliabideak nondik eta nola lortuko, denboran iraunen duten zinezko alternatiba txukun eta eraginkorrak eraikitzeko. Sortzen ditugun hedabide berriak ez daitezen izan pantaila huts.