Euskal Herriko laborantxa politika nazionalaz bi hitz
Maite goienetxe | 2018-07-02Lurzaindia laborari gazteek laborantzan aritzeko lur eremuak eskura eduki ditzaten aurrezki herritarra biltzen duen egitura da Ipar Euskal Herrian. Modu praktiko batean, lurzaindia lur eremuen inguruko espekulazioaren kontra ari da lanean, laborari gazte eta etxalde ttikien biziraupenaren mesedetan. Berriki, Lurzaindiak Euskal Herri osora hedatzeko erabakia hartu, Hego Euskal herrian sortu den dinamika bati esker. Erabaki hori aurrekari inportantea da ikuspegi nazional batetik, Euskal Herri osoari begirako laborantza politika bateratu baten egituratzeko aukerak gogoetagai jartzen dituena. Euskal Herri mailan diseinatu daiteken laborantza politika bateratu hori zehazki definitzeko pretentziorik gabe, horren lanketaren abiapuntuan egin daiteken diagnostikoa laburki marraztu nahi nuke hemen, Euskal Herri mailako erronka eta lehentasun batzuk iradokiz.
Egoeraren diagnostikoari dagokionean, horra, lehenik eta behin nere ustez azpimarratzen ahal diren indarguneak. Ipar Euskal Herrian, oraindik bada laborantza dinamika indartsua, Euskal herri osoko lurraldean balorizatu beharrekoa. Erran behar da ere, Euskal Herriak elikagai anitzak tokian ekoizteko (haragia, esnea, zituak, barazkiak, landare-proteinak, arnoa,…) klima egokia baduela. Bestetik, Euskal Herri osoari begirako nekazaritza politika bat gogoetatzeko orduan heldu-leku interesgarriak osatu ditzaketen hainbat ezaugarri ditu laborantxak Iparraldean. Horien artean, hainbat kalitate desmartxak badaude, (AOC, AB, Idoki etxe ekoizpenen marka…), jendartean, tokiko eta kalitatezko mozkinen eskaera sozial indartsu batek bideragarritasun ekonomikoa eskaintzen diena. Bestalde, momentu hauetan kolektibitate publikoak laborari gazteak instalatzeko lurren mantentzeak daukan garrantziari buruz gogoeta bat egiten ari dira, eta lehen ekimenak burutu dira. Bestetik, Lurzaindiaren adibideak agerian uzten duten datua da, Euskal Herri osora hedatu daitezken hainbat egitasmo eta tresnak indarrean ditugula.
Baina maleruski, indargune hauek ditugun hainbat ahulezi ezin dituzte estali... Honetan nagusia, aurpegi ezberdinak dituen kontzentrazio fenomeno indartsua ematen da laborantxan. Izan ere, merkatu globalizatu eta espekulatiboen testuinguruan esportatzeko asmoa duten baserri gotorren handitzeak eta berezitzeak jarraitzen du, eta Euskal Herri osoan baserri ttipiak desagertzen dira. Ondorioz, Iparraldean konstatatzen den etxalde eta laborantza aktiboen galera itzela da : 2000 eta 2010eko urteen bitartean, 1500 etxalde galdu dira, hots, 1000 enplegutik gora (urtero enpresa batean 100 langile kanporatzen balira bezala !...). Eta egoera hori are markatuagoa da mendi-guneetan. Adibidez, Zuberoan, 3 etxaldetatik 2 segidarik gabe gelditzen dira… Horrekin batera, ematen den sail batzuen ahultzea (esnea, haragia…) azpimarratu behar da. Eta nola ez aipa ere, “etxalde-fabrika” batzuetan langileen egoeraren prekarizazioa (sasoilariak, migranteak). Lurzaindiaren bilakaera bigarren ahulgune nagusi baten adierazlea da. Izan ere, Laborantzarako zelaien galera ikaragarria izaten ari da. Galera hori hirigintza eta azpiegituren mesedetan ematen da batez ere. Adibidez, Ipar euskal Herrian, urtean 600 hektare galtzen dira. Joera hori are nabarmenagoa da kostaldean, lurraren inguruko espekulazioarengatik. Hego Euskal Herriaren kasuan, araudirik ez denez (izan ere, SAFER erakundearen baliokiderik ez da), nekazaritza lurren prezioak liberalizatzen doaz. Eta azken ahulgune nabarmena : nahiz eta Euskal Herriko laborantzaren egoeraren inguruko zenbakiak dauden batez ere Gaindegiari esker, ez dugu egoerari buruzko eta lurralde osoak dituen desafioen inguruko irakurketa globalik…
Egoeraren diagnostiko honetatik, nere ustez, Euskal Herri osoari begirako laborantxa politika baten ondoko ardatzak diseinatu daitezke. Hasteko, pairatzen dugun datuen eskasiari erantzun beharko genioke. Izan ere, Ipar-Hego laborantxa politika bat marrazteko gisan, Euskal Herriko laborantxaren egoera hobeki ezagutu behar dugu : Ipar-Hego trukaketak bideratzeko ehundu beharreko lankidetzetaz kontzientzia hartu, baina ere, gure laborantxa ereduak tokian eta munduan dituen eraginetaz kontziente izan,.. Laborantxaren aldeko politika nazional batek lurrak, haziak eta urari loturiko erronken inguruko perspektiba eta kudeaketa globala bermatu beharko lituzke (laborariek enpresa multinazionalekiko duten dependentzia nola ekidin ?..). Lurrari dagokionean, Euskal Herri mailako Lurraren Antolakunde Publiko baten sorrerari buruz hausnartu beharko litzateke. Bereziki, hirigintza dokumentuen bidez, lurrak laborantzarako atxikitzea bermatu behar da. Horrekin batera, mendiko lurraldeentzat programa espezifikoak garatu beharko lirateke (POCTEFA diruztatzea lortu duen “Kintoan Barna” proiektuaren adibidea). Laborantxa politika nazional batek, laborari ttipi eta prekaritatean diren laborantza-saripekoen baldintzen hobetzea izan beharko luke lehentasunez helburu.
Bukatzeko, lan asko daukagu Euskal Herri mailako elikadura burujabetza lortzeko. Baina erronka ederra dugu: eziña ekiñez egiña!