Burujabetza platerean, burujabetzak pluralean
Maribi Ugarteburu | 2018-06-08Azken urteotan Euskal Herrian hedatzen ari den kezka-eztabaida-ekimen-praxi multzo interesgarrienetakoa da elikadura burujabetzari dagokiona. "Elika-zer?"... Bizilagunak, izebak... ulertzen ez duten berba-trokohorietako beste bat. Txiplas lagun eta baserritar beteranoak dioen bezala, "nekazaritza logikoa" egitea da horrekin esan nahi dena. Gure elikaduraz jabetzea, pertsona bezala eta Herri bezala, tokian-tokian, planetarenganako arduraren perspektibatik.
Lau jipi-ren gaia izatetik, badirudi apurka-apurka, gero eta herrikide gehiagok dugula jaten dugunaren gaineko kezka. Eskola jantokiak hornitzeko bertoko produktu sano eta era duinean ekoitziak nahi dituzte gero eta ikas-komunitate gehiagok. Hedatzen doaz adibideak. Berdin gertatzen ari da duela urte gutxira arte elikaduraz apenas inoiz hausnartu eta ezer egin gabeko eremu eraldatzaileetan, izan txosna, gaztetxe edo bestelako eremu kolektiboak. Areago, eguneroko erosgune mainstream-etan ere, hau da, supermerkatu handietan, gero eta apalategi gehiago eta zentralagoak ari dira hartzen bio, eko edo label produktuak...
Behaketa sinple horretatik, bi ondorio ateratzen ditut: bat, zerbait ona dela gero eta pertsona gehiagok elikagaiez eta hauek non/zelan ekoizten direnaren gaineko kezka izatea, eta horren eraginez euren ohiturak aldatzen hastea. Baina eta bi, kapitala, (kasu honetara ekarrita agroindustria + garraio globalaren sare transnazionala) beti dela azkarra tendentziak kontuan hartzen eta asimilatzen. Hedatzen ari dira jada mundu osoan ehunka eta milaka hektarea "ekologiko", esku gutxitan metatuak, monokultibo logikaz eraikiak eta lan baldintza zapaltzaileetan oinarrituak, garbijan nahi dugun zuri, iparraldetar kontsumitzaile kontzientziatu berriontzat. Agrotoxikoak ez erabiltzearekin nahiko, Ekoizendatzeko...
Eta ez dut uste kontua purismoa denik; elikadura burujabetzaranzko bidea (norberea eta kolektiboa) prozesu bat da, eta ertz asko ditu. Baina engainu zahar-berriei ez diezaiegun pasatzen utzi. Bi abiaduretako nekazaritza bultzatzea ez da posible: ekoizpen intentsibo eta industriala eta ekoizpen osasuntsuagoa (ekologikoa). Nekazaritza iraunkorrean oinarritutako eredu batekin soilik izango da posible elikadura burujabetzaren printzipioak artikulatzea. Izan ere, kontua ez da soilik zerdatorren gure platerera, baizik eta zelan(nork egina, non, zein lan eta ingurumen baldintzatan).
Izan ere, burujabetza platerera dakargunean, burujabetzak pluralean dakartzagu. Elikadura burujabetzarako proposamen politikoak balore multzo zabala baitu ardatzean: Ekoizpenaren banaketa ahalik eta baserritar gehienen artean egitea; ingurumena errespetatuz kalitatezko elikagai nahikoa ekoiztea jendarterako (lanpostu berrien sorreratik soilik da posible, eta ez kapitaletik); ekoizpen prozesua ahalik eta autonomoena lortzea kanpo-inputak murriztuz; kontsumitzaileenganako gardentasun osoa; gure ekoizpenak bertako merkatuetara bideratzea, gure herri eta herrialdeetako garapen lokalaren parte aktiboa izanik...Tokiko praxietatik, logika globalaz ari gara: elkartasunean, osagarritasunean eta merkataritza justuan oinarritutako beste harreman ekonomiko batzuk eraikitzeaz. Biodibertsitatea ardatzean ipintzeaz ari gara, eta planeta hozten laguntzeaz... Elikadura burujabetzak, beraz, mundua eraldatzeko eta bizitza osasuntsua (gurea eta Lurrarena) erdi-erdian ipintzeko proposamen politiko osoa barnebiltzen du, Herrien burujabetzarako eta autogestiorako eskubidea lanabes gisa hartuta.
Beraz, baserritarrak azken 50 urteotan ia-ia desagerrarazi dituzten munduko txoko honetatik badaukagu zer egin. Euskal Herrian gure plateretara iristen diren jakien %4 eskas baino ez da berton sortua eta egina. Jendarte aske, sano eta burujabea eraikitzeko derrigor orekatu behar dugun balantza da. Bakoitzaren plateretik hasita, eta ardura kolektibotik ekinez.