esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Herri-imajinarioa birsortzen

herri imaginarioa | 2018-12-14

Aldaketa sakonak bizi ditugu euskal gizartean. Hiru aldagai nagusik azpimarra merezi dute: 1/ Globalizazio kapitalistak eragindako gizarte joerak (indibidualismoa, kontsumismoa, hedonismoa, kultur globalizazioa…). 2/ Ziklo aldaketa Euskal Herrian: edozein ikuspegi abertzaletik begiratuta ere krisi garaian gaude; esan nahi baita, aldaketa edo trantsizio garaian. Abertzaletasunak eraiki duen herri-imajinarioaren lausotze bat antzematen da, belaunaldi gazteenengan batez ere. Herri-imajinario hau izan da azken hamarraldi luzeetako herri-eraikuntzaren motorra. 3/ Aniztasun kulturala: datozen urteetan kultur eta jatorri ezberdinetako jende andana etorriko da Euskal Herrira bertan bizi eta lan egiteko asmoz. Erronka izugarria da: aniztasun kultural hau kudeatzeko eredu demokratiko eta inklusibo bat eraikitzea.

Euskal Herria bilduko duen ezein proiektu politikok (kasuan Euskal Errepublikak) ezinbestekoa du oinarri-oinarrian euskal komunitatearekiko pertenentzia sentimendu indartsu bat, euskal proiektuari plano arrazionalean atxikitzeaz gain plano emozionalean ere trinkotuko den komunitate bat osatzea.