esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Tokiko proiektu komunitarioen katalogo nazional baten osaketak herrigintzari ekarpen kualitatiboa egingo liokeelakoan gaude. Asko da egiten ari dena, aberastasun handia dago tokian toki garatzen ari diren herrigintza proiektu askotarikoetan. Eraikuntza hau guztia gizartea ahaldundu, trantsizio-tresnak eta oinarriak sortu, utopiak errealitatearen bidez indartu, bizi-esperientziak eskaini, identitate komunitario eraldatzaileak eraiki eta elkartasunezko balore aurrerakoiak hedatzeko bidea da.

Otsailaren 10ean Durangon ospatu genuen Herrigintza aro berri baterako begiradak tailerrean hamarnaka batzuk ezagutu genituen. Galdera segituan sortu zitzaigun: horrelako zenbat dago Euskal Herriko geografiaren luze-zabalean?

Katalogo honek hiru helburu nagusiri erantzungo lieke gure ustez: Egiten ari dena ikusgarri egin; herrigintza lan honetan dabilen jendea saretu; eta trebakuntza, nork bere ingurune hurbilean egin dezakeenerako ideiak eskaini.

Horrelako katalogo bat auzolanaren emaitza baino ezin daiteke izan. Konkurrentzia bilatzen dugu, inolaz ere konpetentzia. Berriki plazaratu den sortzaileen katalogoa erreferentzia ona izan daiteke. Ezkerreko independentismoak, besteak beste, proiektuen identifikaziorako esku-lana eskain dezake langintza horretan, Euskal Herria goitik behera arakatuz.

Datozen hilabeteak egitasmo honen forma zehatza eta egon daitezkeen aliantza aukerak aztertzeko hartuko ditugu.