eusfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Burujabetza platerean, burujabetzak pluralean

Maribi Ugarteburu | 2018-06-08

Azken urteotan Euskal Herrian hedatzen ari den kezka-eztabaida-ekimen-praxi multzo interesgarrienetakoa da elikadura burujabetzari dagokiona. "Elika-zer?"... Bizilagunak, izebak... ulertzen ez duten berba-trokohorietako beste bat. Txiplas lagun eta baserritar beteranoak dioen bezala, "nekazaritza logikoa" egitea da horrekin esan nahi dena. Gure elikaduraz jabetzea, pertsona bezala eta Herri bezala, tokian-tokian, planetarenganako arduraren perspektibatik.

Lau jipi-ren gaia izatetik, badirudi apurka-apurka, gero eta herrikide gehiagok dugula jaten dugunaren gaineko kezka. Eskola jantokiak hornitzeko bertoko produktu sano eta era duinean ekoitziak nahi dituzte gero eta ikas-komunitate gehiagok. Hedatzen doaz adibideak. Berdin gertatzen ari da duela urte gutxira arte elikaduraz apenas inoiz hausnartu eta ezer egin gabeko eremu eraldatzaileetan, izan txosna, gaztetxe edo bestelako eremu kolektiboakAreago, eguneroko erosgune mainstream-etan ere, hau da, supermerkatu handietan, gero eta apalategi gehiago eta zentralagoak ari dira hartzen bio, eko edo label produktuak...

Behaketa sinple horretatik, bi ondorio ateratzen ditut: bat, zerbait ona dela gero eta pertsona gehiagok elikagaiez eta hauek non/zelan ekoizten direnaren gaineko kezka izatea, eta horren eraginez euren ohiturak aldatzen hastea. Baina eta bi, kapitala, (kasu honetara ekarrita agroindustria + garraio globalaren sare transnazionala) beti dela azkarra tendentziak kontuan hartzen eta asimilatzen. Hedatzen ari dira jada mundu osoan ehunka eta milaka hektarea "ekologiko", esku gutxitan metatuak, monokultibo logikaz eraikiak eta lan baldintza zapaltzaileetan oinarrituak, garbijan nahi dugun zuri, iparraldetar kontsumitzaile kontzientziatu berriontzat. Agrotoxikoak ez erabiltzearekin nahiko, Ekoizendatzeko...

Eta ez dut uste kontua purismoa denik; elikadura burujabetzaranzko bidea (norberea eta kolektiboa) prozesu bat da, eta ertz asko ditu. Baina engainu zahar-berriei ez diezaiegun pasatzen utzi. Bi abiaduretako nekazaritza bultzatzea ez da posible: ekoizpen intentsibo eta industriala eta ekoizpen osasuntsuagoa (ekologikoa). Nekazaritza iraunkorrean oinarritutako eredu batekin soilik izango da posible elikadura burujabetzaren printzipioak artikulatzea. Izan ere, kontua ez da soilik zerdatorren gure platerera, baizik eta zelan(nork egina, non, zein lan eta ingurumen baldintzatan).

Izan ere, burujabetza platerera dakargunean, burujabetzak pluralean dakartzagu. Elikadura burujabetzarako proposamen politikoak balore multzo zabala baitu ardatzean: Ekoizpenaren banaketa ahalik eta baserritar gehienen artean egitea; ingurumena errespetatuz kalitatezko elikagai nahikoa ekoiztea jendarterako (lanpostu berrien sorreratik soilik da posible, eta ez kapitaletik); ekoizpen prozesua ahalik eta autonomoena lortzea kanpo-inputak murriztuz; kontsumitzaileenganako gardentasun osoa; gure ekoizpenak bertako merkatuetara bideratzea, gure herri eta herrialdeetako garapen lokalaren parte aktiboa izanik...Tokiko praxietatik, logika globalaz ari gara: elkartasunean, osagarritasunean eta merkataritza justuan oinarritutako beste harreman ekonomiko batzuk eraikitzeaz. Biodibertsitatea ardatzean ipintzeaz ari gara, eta planeta hozten laguntzeaz... Elikadura burujabetzak, beraz, mundua eraldatzeko eta bizitza osasuntsua (gurea eta Lurrarena) erdi-erdian ipintzeko proposamen politiko osoa barnebiltzen du, Herrien burujabetzarako eta autogestiorako eskubidea lanabes gisa hartuta. 

Beraz, baserritarrak azken 50 urteotan ia-ia desagerrarazi dituzten munduko txoko honetatik badaukagu zer egin. Euskal Herrian gure plateretara iristen diren jakien %4 eskas baino ez da berton sortua eta egina. Jendarte aske, sano eta burujabea eraikitzeko derrigor orekatu behar dugun balantza da. Bakoitzaren plateretik hasita, eta ardura kolektibotik ekinez.

Ez da lehenengo aldia

Izaro Arbe, Maddi Isasi eta Amaia Lasaga | 2018-06-01

Ez da lehenengo aldia. Ez da lehenengo aldia neska* gazteok gure artean saretzeko, antolatzeko, tresnak sortzeko… beharra sentitzen duguna. Gaur egun, feminismoa “modan” dagoen honetan, kapitalismoaren ikur diren inditex dendetan lelo feministak daramatzaten kamisetak saltzen dituzte, “txapa” edo ikur feministak edonon aurkitzen ditugu… Gure borroka kontsumogai bihurtzen ikusten dugu. Baina Euskal Herriko neska* gazteok argi dugu, berdintasunaren lelo faltsuen atzean mozorrotu eta gure bizitza prekarizatu eta eredu neoliberala babestu eta sakontzen laguntzen duen feminismo hori ez da gure erreferente, ez eredu ere, eta herrietan, auzoetan, ikastetxeetan, unibertsitatean, lanean… antolatzen jarraituko dugu sistema kapitalista heteropatriarkalari hortzak erakusten, GAZTE eta FEMINISTAgarelako.

Gazteak gara.Gaztetasuna errebeldia da. Gaztetasuna erritmo bizia da. Gaztetasuna kritika da, borrokarako grina. Baina, gaztetasuna prekarietatearen aurpegirik gordinena ere bada.

Feminismoa gure espazioa da, mugimendu feminista gure sarea, eta ez dugu kalera ateratzeko beldurrik. Martxoaren 8ko greba feministan erakutsi genuen sistema hau aldatzeko prest gaudela, San Ferminetako epaiaren aurrean ozen aldarrikatu genuen ez dugula justizia heteropatriarkar honetan sinisten, gutako bat erasotzen duten bakoitzean amorru biziz erantzuten dugu eta egunero jarraituko dugu aldarrikatzen kaleak eta jaiak ere gureak direla.

Mugimendu feministaren zein gazte mugimenduaren parte gara, baina gure espazio propioa aldarrikatzeko beharra ere sentitzen dugu maiz. Izan ere, feminismoan, mugimendu guztietan bezala, badaude pribilegioak eta badaude periferiak. Badaude periferiak adinari, jatorriari, lurraldetasunari, gorputzei... dagokienez. Eta feminismoak inork baino hobeto erakutsi digun bezala garrantzitsua da (ezinbestekoa ere esango genuke) bidea elkarrekin egitea; baina, nola ez, bidean hausnartzeko espazio propioak behar ditugula.

Norabidea argi dugu, dugun espazio bereizietan hausnartu eta eragin behar dugu, espazio horiek saretuz, josiz, elkar elikatuz... Horrela lortuko baitugu espazio konpartituetan eragitea, elkarrekin bidea egitea. Ondo aski baitakigu generoak ez zituela gure menderakuntzaren ertz guztiak barnebiltzen, eta ondo aski dakigulako eta horrela sentitzen dugulako dugu beharrezkoa herri honen eraikuntzan eta sistema kapitalistaren aurka antolatzea. Espazio horietarako feminismoa izan behar da gure arma: Gazte prekarioen asanbladetakoa, etxebizitza borrokak gureak egin behar ditugu edota jai eredu parekidea aldarrikatzera ere atera behar gara.

Gioconda Bellik dio “Las mujeres jóvenes tienen una posición muy destacada en la rebelión” eta gu ardura hori gure gain hartzeko prest gaude. Herri mugimenduan eta herri honen eraikuntzan beharrezkoak garelako, feminismoa dugulako motore eta gaztetasuna erregai.Ez da lehenengo aldia saretzeko beharra sentitu duguna, ez, ezta azkenengoa izango ere. Neska* gazteok Kukutzan erein genuelako hazia, Hernanin, kuleroak burura eraman eta mundura salto egin genuen eta Ekainaren 16an Arbizun bide honi batera ekingo diogula erakutsiko dugu!

Neska* gazteok batera ekingo diogu!

Gaurdanik, etorkizuna irudikatu: Datuak, pertsonalizazioa eta segmentazioa

BeƱat Zarrabeitia | 2018-05-25

Azken hiru hamarkadetan Bilbok eta ingurune metropoliarrak izandako aldaketa urbanistiko, orografiko, sektorial eta ideologikoak, espazioan zein denboran, bestelako bidelagun bat izan dute: Interneten hedapenaren eskutik etorritako iraultza. Honek, gure bizitzean eragin nabarmena izan du. Hortaz, etengabeko eboluzioan gauden arren, agerikoa da harremantzeko, komunikatzeko, informatzeko, militatzeko, bidaiatzeko edo kontsumitzeko ditugun ohiturak errotik aldatu direla.

Uholdeen ondorengo hirian metroa irudikatzea zaila zen gisara, egun kasik ezinezkoa da pantaila eta uneroko informaziorik gabeko hiriak irudikatzea. Internet bera baino iraultzaileagoa izan litekeen agertokira hurbildu gintezke, gure egunerokoan pisu handia izan dezaketen aldaketa teknologikora. 

Dagoeneko, Gure smartphoneak inprenta, erredakzio edo zine estudio bilakatu daitezke eta aurrerantzean 5G-a, errobotak, errealitate birtuala edo sentsorizazioa iritsiko dira. Hiperkonexioaren garaian murgiltzera goaz, uneoroko informazio pertsonalizatua eskaintzen duten pantailak nonahi topatuko ditugu. Are gehiago, horietako gehienak, gurekin batera eramango ditugu, jantzigarriak izango diren erlojuak eta bestelakoak. Gure bizitzen inguruko informazioa elkarbanatzen dugu, kokapena, ohiturak, atsegiteak edo sare sozialetan zein aplikazio ezberdinetan partekatzen ditugu datuak. Blade Runnereta Black Mirror-en mundua, Orwell-ek 70 urte atzera imajinatu zuena. Arrisku guztiak mahai gainean daude, baina aukerak baliatzeko unea da. Berri Txarrakek dioen moduan “xake-mate kulturala”.

Narratiba egoki eta berezituarekin jorratutako datuak, teknologiaren berrikuntzak bidelagun izango dituzten kalitatezko eduki eta eskaintza bilakatu behar dira, bai hedabideetan, bai herri mugimenduan. Alegia, Big Data eta analitikaren bitartez, jendartearen pertzepzioak eta ohiturak identifikatzeaz gain, segmentazio eta pertsonalizazioarekin, diskurtso eta praxi politikoa eremu berrietara iritsi liteke. 

Finean, ez da ezer berria. Oinarri amankomun batzuen baitan, asko izan dira aspektu partikularretik abiatuta ezker independentistaren proiektuarekin bat egin dutenak: Borroka ekologista, errepresioaren aurkako mugimendua, jaia eta borroka, lan eskubideen aldeko aldarria edo abian den iraultza feminista. 

Orain, eduki eta narratiba berrien segmentazioak zein pertsonalizazioak, militatzeko, komunikatzeko eta mobilizatzeko ereduetan zerikusia izango dute. Estrategia orokor baten baitan, elkarren artean koherenteak izango diren mikroestrategiak definitu eta abiarazteko lagungarriak izan daitezke. 

Hedabideen funtzionamendua, pertzepzioa eta kontsumoa aldatu egin da. Mundu mailako erraldoien presentzia (Amazon, Facebook, HBO, Netflix, Movistar, Sky, BeIn…) biderkatu egingo da eta Euskal Herrian hegemonikoak diren oligarkia zahar eta kontserbadoretik eratorritako hedabideek agenda markatzen dutenek inbertsio berriak egingo dituzte. 

Ataka honen aurrean, sinergiak eraikitzeko garaia da, atomizazioa gainditu, konplexuak uxatu eta elkarrekin indartsuagoak garela ulertzeko momentua da. Gure baliabideei ahalik eta zuku gehien atera beharko diegu gure komunitatea elikatzeko. Eta hori, plan estrategiko, elkarlan efektibo, iraunkor eta ordenatuaren bidez garatu beharko da, gure komunitatearen interesak detektatuz.

Trena martxan da eta ez du atzera egingo, zer nahi dugun eta nora goazen definitu eta hori eskuratzeko beharrezkoak diren bitartekoak sortzeko unea da. Bilboko eremu metropoliarra sahiestezineko geltokia da ezker independentistaren Delorean partikularrean murgiltzerako orduan: Bidaiaren amaiera, euskal errepublika.

Zoru etikoa hezkuntzarako

Joxe Mari Auzmendi | 2018-05-18

Gaur egungo hezkuntza begiratzean, zatiketa ugari ikus genitzake: administrazio banaketak, sareak, langile egonkor eta ez egonkorrak, eskola eta familiak, soldata bereizketak, hezkuntza formala eta informala, segregazioak eta abar; hezkuntzaren helburu nagusietariko bat jendartea kohesionatzea izan beharko litzatekeenean.

Hik Hasik bere sorreratik kohesionatzeko ideia horren aldeko apustua egin du, hezitzaile guztientzako informazioa, eztabaida eta  formazioa eskaini ditu eta guztien elkargune izateko ahalegina egin du; kohesioa balio gisa hartuta.

Gure ustez, hezkuntzako edozein egitasmok, balio hezitzaileetan oinarritu beharko luke. Berdin da aisialdi-egitasmoa izan, eskola, hezkuntza informala, formala, administrazio egitasmoa edota telebistako programa izan. Denok hezitzaile gara, uneoro, alde bateko edo besteko mezuak zabaltzen ari gara, eta horretaz kontziente izan behar dugu.

OinHerri elkartean, “Herri Hezitzailea”-ren filosofia ardatz hartuta, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko 14 eragilek bat egin dugu, oinarrizko hainbat balio lantzeko eta, horrela, jendartea hobetzeko asmoz. Egoki ikusten dugu balio horiek hezkuntza-proiektuetan txertatzea eta eguneroko praktikan kontuan hartzea. Hemen, zazpi balio horiek: 1) Haurraren kultura aitortzea eta errespetatzea. Haurra pertsona da hemen eta orain, ez da soilik etorkizuneko heldua. Horregatik, 2) parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaini behar zaio. Eta, parte-hartze horrek 3) aniztasunean berdin eta parekide aritzeko aukera izatea esan nahi du. 4) ingurumenarekin bizitzen ikastea. 5) ingurumen kulturala zaintzea. Harremanetan, 6) euskara lehenestea. 7) elkarlanean aritzea, eta auzolana sustatzea; hau da, komunitatean bizitzea.

Horrez gain, globalizazio garaiotan, globala lokala denean eta lokala globala ere badenean, edozein hezkuntza-egitasmok mundu iraunkor eta denontzako hobea egitea izan beharko luke helburu, eta horretarako, begirada kritikoa eta positiboa duten herritar arduratsuak eraikitzea.

Balio hezitzaileen ikuspegi hori hezkuntzako zoru etikoaren oinarria izatea proposatzen dugu. Izan ere, zoru etikoaz ari garenean, denontzako baliagarri izango den, eta guztiok eroso eta ondo sentituko garen zoruaz ari gara. Eta, nola ulertzen dugu etika? 

Etika, guretzat, ongizatea da. Norbanakoaren ongizatea, taldearen ongizatea, jendarte osoaren ongizatea. Horregatik, ongizatea lortzen laguntzen duten gakoak azpimarratzen ausartuko gara: alde batetik, aurretik aipatutako balio hezitzaileen lanketa litzateke. Beste aldetik, berriz, ez iruditu arren, balioak ere badiren beste arlo batzuk kontuan hartu beharko liratekeela uste dugu. Adibidez, antolaketa administratiboa. Duela bi mende sortutako antolaketa administratibo zentralizatuek erantzun al diezaiekete gaur egungo erronkei? Antolaketa modu horiek bereizketa, zatiketa, banaketa, bazterketa… dakarkite ala jendartea kohesionatzeko balio dute?

Nola lagun genezake jendartearen kohesioan hezkuntzaren esparrutik? 

A. Gertuko gestioarekin. Parte-hartzea indartuz, garden jokatuz, demokratizatuz, komunitate osoa kontuan hartuz (denok parte, protagonista izanaz). Gainera, horrela arituz, hezkuntza komunitatea indartzen da, eta ikerketa denek erakusten duten moduan, emaitza hobeak lortzen dira arlo guztietan: harremanetan, errespetuan, bizikidetzan eta abarretan. Baita emaitza akademikoetan ere.

B. Eskubide berdintasuna bermatuz. Hautatzeko eskubidea izanaz. Edozein ume edo familiak edozein eskolatara joateko izan beharko lukeen eskubidea errespetatuz, denak pareko baldintzetan, alegia, justiziazko egoera batean.

C. Bazterketak saihestuz: bazterketa kulturala, sinesmenezkoa, sexuala, generozkoa, soziala, adimenezkoa, funtzionala eta abar. Adibidez, bazterketa linguistikoa saihestu daiteke, euskara gehiago behar duenari gehiago eskainiz. Behar sozialetan eta kulturaletan ere, gauza bera, segregaziorik gerta ez dadin.

Laburbilduz, hauxe litzateke gure zoru edo marko etikoa: 

1. Denontzako herria. Zaurgarrienak (“ahulenak”) kontuan hartuta eta haien begietatik herria antolatuta. Hori lortzeko, haien parte-hartzea behar-beharrezkoa da. Hik Hasi, adibidez, Bizipozaelkartearen baitan, eskubide bereziak dituzten haurren 32  elkarterekin batera ari da lanean, gure herrian denok izan behar dugulako aitortuak, norbanako guztioi baitagokigu gure toki duina izatea jendartean.

2. Denontzako eskola. Haur bakoitzaren hezkuntza-erritmoa errespetatuta. Gaur egun, posible al da hori lortzea? Curriculuma ikas-mailaka oso zehaztuta eta antolatuta baldin badago, testuliburuak modu hertsian erabiltzen badira, ikas-talde handiak baldin badaude ikasgela bakoitzeko, posible al da denontzako eskola egitea? Bestalde, antolaketa administratibo publikoaren markoak denontzako izan beharko lukeela deritzogu, denok (administrazioak eta eskola komunitateak) erabakietan tokia izanda. 

Gure kontsigna da, Finlandian dioten bezala, neska-mutil guztiek aurrera egitea; alegia, atzean inor ez geratzea; norbera bere garapenaren protagonista izanaz eta besteekin aritzean bakoitzaren nahiz taldearen onena bilatuz. Horretarako bitartekoak behar dira eta behar handiagoa duenari laguntza handiagoa eskaini behar zaio.

Horixe litzateke guk amesten dugun bizikidetzarako markoa, eta horretarako proposatzen dugun zoru etikoa. Une honetan, batzuk, proposamen horretatik nahiko gertu egongo dira; beste batzuk, agian, urrutiago. Segur aski, epe laburrean dena lortzea ez da posible izango, baina jarrerak gerturatuz goazen heinean gure hezkuntzaren noranzkoak zein izan behar duen argi badugu, denon artean lor dezakegula uste dugu.

Pantaila hutsa?

Maddi Ane Txoperena | 2018-05-11

Ziklo berri baten atarian herrigintzaz eztabaidatzeko ireki den Plaza Huts honetan, ezin komunikabideei buruzko gogoetarik egin gabe utzi espazio interesgarri hau. Sarri erraten baita kontatzen ez dena ez dela; eta hala da, hein batean, gure ingurune hurbiletik harago, behintzat. 

Komunikabideak izan daitezke, aldi berean, herrigintzak egiten duenaren bozgorailu. Baina baita herrigintzaren parte ere, komunikabideak berak herri bat eraikitzeko oinarri sendoa diren heinean. Gure errealitatea gure ahotsez kontatzen baitute herri komunikabideek, eta, era berean, gogoetarako plaza eskaintzen digutelako. Gure hizkuntzaren normalkuntzarako eta corpusaren eraikuntzarako esparru nagusi direlako, eta gure ideien, balioen, kulturaren eta proiektuen zabalpenerako tresna ezinbertzekoak, baita ere. Are, komunikabide nazionalen kasuan, administratiboki eta sozialki zatitua dagoen Euskal Herri bat marrazten digutelako egunero, komunitatea eraikitzearekin batera. 

Aurkakoa ere egin dezakete, ordea. Eta, onartzea zaila zaigun arren, gaur egun Diario Vasco, Sud Ouest eta Marca irakurtzen dute gure herrietako biztanle gehienek, entzuten France Bleu eta Gaztea; eta ikusten Telecinco, La Sexta eta BFM TV. Eta asko aztertu beharrik ez dago gure proiektu eta aldarriei entzungor egitea ez ezik, gure kontakizuna desitxuratzea dutela horiek helburua: ikusi bertzerik ez dago Altsasuko muntaia polizialari emandako hauspoa, edota azken egunotan ETAren bukaeraren harira egindako irakurketa interesatuak. Ahantzi gabe EITB, modu sutilagoan agian, baina EAJren proiektua haizatu baino egiten ez duena, salbuespenak gorabehera. 

Gure proiektuak sustatu eta lau haizetara zabaldu nahi baditugu, ezinbertzekoa izanen dugu, batetik, horiei guztiei kritika egitea (zergatik ez Diario Fatxo moduko bat EITBren aurka?), eta, bertzalde, gure hedabide propioak eraiki eta jada ditugunei indarra ematea. 

Ez da gauza berria; bide horretan ibilbide luzea izan baitute herri komunikabideek azken hamarkadotan: Euskaldunon Egunkaria-k laster 30 urte izanen lituzke itxi ez balute, Hala Bedik 35 eginen ditu udan, Euskal Irratiek ia 40, bertze hogei Kanaldudek, hamar Hamaika Telebistak, eta laster beteko ditu hamarTopatu.eus-ek ere. Zer erranik ez, aurretik exixtitu eta garatzen joan diren Argia edota aipatzeko luzeegia litzatekeen tokiko komunikabideen zerrenda. 

Bertze sektore edo mugimendu batzuei gertatu zaien bezala, ordea, aldaketa unean daude horietako anitz ere: paperaren krisiak eta instituzioetatik emandako babes faltak etengabe bultzatzen ditu bazkide eta laguntzaileei sostengua eskatzera, eta baldintza prekariotan daude maiz egitura horietako langileak. Izaera militanteari eusteak badu garrantzia, noski, eta sarean eta elkarlanean lan egiteari uko ez egiteak. Baina hegemoniko izan eta bertze komunikabideei espazioa irabazi nahi badiegu, ezinbertzekoa izanen zaigu baliabideak eskuratzea. 

Krisi edo aldaketa momentu guztietan bezala, aukerak ere zabaldu dira, nolanahi ere. Aldatu egin da informazioa kontsumitzeko era, eta horrekin batera, komunikabideen esparruan eragiteko forma berriak agertu dira: gazteek telebista baino, web telesailak ikusten dituzte orain ordenagailu edo sakelakoetan, eta sare sozialak bilakatu dira gure irrati eta egunkariak. Eremu labankorrak dira, baina horietan eragin eta eskaintza interesgarriak egiten asmatu beharko dugu, baldin eta herritarren gehiengoarengana iristea bada gure erronka. Ahaztu gabe, halere, betiko leloaren betiko leloaz: baliabideak nondik eta nola lortuko, denboran iraunen duten zinezko alternatiba txukun eta eraginkorrak eraikitzeko. Sortzen ditugun hedabide berriak ez daitezen izan pantaila huts.