esfr

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

Jauzi bat urte politiko honetan

bizitzak eta lurraldeak | 2019-02-28

Fase berri baterako begiradak

euskara | 2019-02-28

Euskal metropolian martxan jarri gara

metropolia | 2019-02-27

Plaza hutsa abiatuko da Ipar Euskal Herrian

iparraldea | 2019-02-26

BURUJABETZA ETA EKONOMIA SOZIALA ETA ERALDATZAILEA

Plaza Hutsa: martxoaren 9an, 9’00etatik-12’00etara, Baionan, Eusko Ikaskuntzaren egoitzan.

Eukal Herri osoan praktika eta dinamika alternatibo asko martxan daude ; horietako frango ekonomia soziala eta eraldatzailearen esparruan kokatzen direlarik. Praktika eta dinamika alternatibo horiek gaurko sistema neo-liberalaren logikari bizkarra ematen dioten bizi-eremu konkretuak antolatzen dituzte, gisa hortan, Euskal Herrian burujabetzaren bidean urrats praktikoak konfiguratuz.

Hiru eremu aztertuko ditugu, bakoitzean dauden ekimen zehatzei erreparatuz :

Elikadura burujabetza : EHan martxan dauden esperientzi konkretu ezberdinak aztergai : lekuko hornikuntza egiturak, tokiko ekoizpen ekimenak, lurraren zaintza dinamikak…

Burujabetza energetikoa : Iener eta Enargia proiektua, Ibai-Errekak elkartea,..

Moneta eta finantza burujabetza : euskoa, Koop 57 eta Herrikoa…

Ekimen bakoitza zertan da ? Aitzina egiteko nun ikusten ditu heldu-lekuak, baina ere oztopoak ? Nolako harremanak ditu instituzioekin, eta bereziki herriko etxeekin ? Zein dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harreman eta elkar-lan esparruak?...

Tailerraren bukaeran, zintzur-bustitze bat eskainia izanen da.

Izen ematea hemen.

 

 

Plaza Hutsa Bizkaia metropolitanoan

metropolia | 2019-01-11

Pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean. 

Plaza hutsa ekimen ireki bat da. Euskal Herriak arnasaldi berri bat behar duela uste duen edozeinena, herri gisa pentsatu eta bizitzeko urgentzia partekatzen dugunona. Begirada asko nahasi nahi dituena, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin nahi diona. Gogoetarako eta ekintzailetzarako espazio parte-hartzailea da, nora eramango gaituen ez dakigun bide bat, elkar hartzeko aitzakia bat gehiago.

Ezkerrekoak eta abertzaleak gara ekimen honen sustatzaileak, antzeko kezka, ilusio, neke eta esperantzekin gabiltzanak. Herrigintza aro oparo bati ekarpena egin dion komunitate baten kide sentitzen garenak aldez edo moldez. Mundua zabortegi erraldoi bat den garaiotan justiziarekin eta askatasunarekin amets egiten jarraitzen dugunak; eta nork beretik, modu askotara, amets horren alde borrokatzen dugunak.

Norabide horretan, eta,  bideari ekarpena egiteko asmoz, proposamen berri bat eskaintzen dugu: herrigintza aro berri baterako oinarrietan sakontzeko euskal metropolian, Bizkaia Metropolitanoan. Hausnarketa kolektibotik abiatuko den ariketa izango da, elementu bereizgarriak eta propioak aintzat hartuko dituena. 

Izan ere, hiriaren errealitatea nabarmen aldatu da: Lanaren konposizioa, espazio publikoak bizitzeko baldintzak, harreman sozialak garatzeko eta izateko forma ezberdinak, kultura ulertzeko forma anitzak, euskal identitatea adierazteko formula urbano berrituak, prekarietate orokortua... aldagai guzti horiek politika ulertzeko eta politika egiteko era aldatu dute. Eta herrigintza aldaketa politiko eta sozialaren motorra izanik, euskal metropoli askea eta askatzailea eraikitzeko tresna bilakatzen zaigu, halabeharrez. 

Guzti honetaz eta gehiagotaz aritzeko, datorren otsailaren 8 eta 9an Plaza Hutsa BM (Bizkaia Metropolitanoa) egingo dugu Bilbon eta Portugaleteko Merkatuan, hurrenez hurren. 

Ekimenaren nondik norako guztiak partekatzeko, urtarrilaren 23an (asteazkena) arratsaldeko 19,30etan Bilboko BIRAn aurkezpen ekitaldia egingo dugu eta bertan parte-hartzera gonbidatuak zaudete.